Maider IANTZI
RUMBO AL PLEBISCITO

BULKATUZ ETA OSPATUZ, «ASCATASUNERA»

Hainbat euskal herritar elkartu da AsCATasunera proiektuaren bueltan, katalanei laguntza eta maitasuna bidaltzeko erreferendumaren atarian. Galdeketa eginen dutela ziur daude eta horixe ospatzeko antolatu dute aste osoko besta Intxaurrondon.

Belaunaldiz belaunaldi Lluis Llach-en “L’Estaca” abesten ari gara, bertsio ezberdinetan. 40 urte daramagu nola eroriko den ikusiko dugula kantatzen eta, azkenean, gertatuko da. Hortaz, badugu nahiko motibo guk ere bultzatzeko, Kataluniako herriari laguntzeko, eta, gainera, ospatzeko». Hala esplikatu dute Asier Lauzurika eta Maddi Ane Txoperenak AsCATasunera herri ekimenaren arrazoia.

Udan hasi ziren AsCATasunera aste handia prestatzen, lantaldetan antolatuta. Irailaren 20tik 24ra eginen da, Donostian. Aitzinetik Iruñean eta Gasteizen ere izanen dira aste xumeagoak. Nafarroako hiriburuan, adibidez, Irrien Lagunek “Elkartasun taupadak” ikuskizuna eskainiko dute hilaren 13an, 18.00etan Katakrak-en.

Ekitaldi nagusiari dagokionez, Intxaurrondoko Sagastieder plazan karpa handi bat muntatuko dute, eta bertan adin eta gustu guztientzako proposamenak eginen dituzte: hitzaldiak, kontzertuak, umeentzako pailazoak, Kataluniako eta Euskal Herriko janari eta edari tipikoen dastaketa… Denak gonbidatu dituzte disfrutatzera.

Adibidez, Victor Terradellasen (Artur Masen aholkulari ohia eta Fundacio CATmon-eko presidentea) eta Monica Terribasen (Televisio de Catalunyako zuzendari ohia eta Radio Catalunyako esataria) arteko solasaldia aditzen ahalko da, Martxelo Otamendik gidatua. Gatibu, Zoo, Estrombers eta Bad Sound System taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izanen da, baita bertsolari eta glosadoreen emanaldiaz ere, Maialen Lujanbio eta Jon Maiarekin. ERCko eta CUPeko hizlarien mitinak izanen dira, Arnaldo Otegirenarekin batera; Cul de Sac talde katalan tradizionalaren musika, Manresako Fot-li-Foc Gatzara taldeko diablesak… «Zergatik independentzia?» galderari erantzunez eginen duten zazpi minutuko speach sorta ere berezia izanen da. Pako Aristi, Gabriel Ezkurdia, Estitxu Eizagirre, Lur Albizu eta Eneko Bidegainek parte hartuko dute, bertzeak bertze, Martin Garitanok zuzenduta.

Euskal Herrian hainbat ekimen dago martxan Kataluniako prozesu subiranistarekin bat egiten duena, ikuspegi batetik edo bertzetik. «Gu ez gatoz inor ordezkatzera edo inoren lana egitera, baizik eta beste ikuspuntu batetik gure hondar aletxoa jartzera. Gure Esku Dagok erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen du; hori izango da demokraziaren benetako gauzapena Katalunian, herriak erabakitzea zer izan nahi duen. Guk hori defendatzen dugu, eta, gainera, erabakitze horretan, independentziaren aldeko apustua egiten dugu», adierazi dute Txoperenak eta Lauzurikak.

AsCATasunera proiektuak Kataluniaren aldeko ekimenak babesten ditu, bertzeak bertze gaurko hiriburuetan antolatu dituzten elkarretaratzeak eta datorren larunbaterako Gure Esku Dagok Bilbon deitu duen manifestazioa. Horretaz gain, askatasun haizeak Euskal Herrira ekarri nahi ditu. «Uste dugu Kataluniak ematen dituen pauso horiek guztiek ateak zabaltzen dizkigutela guri ere. Hangoa bultzatuz hemengoa ere bultzatzen ari gara», azpimarratu dute.