Jon LEUNDA
JOKOAK

Bizkaiak irabazi du Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Txapeldunek amaieran lau punturen aldea atera zieten Nafarroa Garaikoei, eta zortzirena gipuzkoarrei.

Bizkaiak irabazi zuen herenegun arratsaldean Sarako kiroldegian jokatu zen Zazpi Herrialdeetako Txapelketa, eta bai azkenaldian izan dena baino alde handiagoarekin irabazi ere, puntu bateko eta biko aldearekin sartu izan baitira aurreneko hirurak behin baino gehiagotan azkeneko urte hauetan, baina oraingoan bizkaitarrek lau punturen aldea kendu zioten Nafarroa Garaiari eta zortzirena Gipuzkoari.

Beste borroka laugarren posturako aurreikusten zen Arabaren eta Lapurdiren artean, eta horrelaxe izan zen, eta talde lapurtarrak aurre hartu zien arabarrei, nahiz eta azken hauek bi proba irabazteko gai izan ziren. Aurretik pentsatzen zen bezalaxe, Nafarroa Behereak itxi zuen sailkapena. Zuberoa, berriz, aurretik iragarri zuen bezalaxe, ez zen aritu lanean, eta sei herrialde bakarrik lehiatu ziren, azkeneko urte hauetan gertatzen ari den bezalaxe, Zuberoak taldea osatzeko arazo ikaragarriak baititu, eta aurtengoan ere ezin izan du berea osatu.

Datu bitxienak Arabak eman zituen, izan ere, bosgarren postuan sailkatu bazen ere, ingude altxatzen eta txingan aurrena sailkatu zen. Txingetan, gainera, Kerman Perez de Herediak sekulako marka egin zuen. Herrialde honek, sokatiran, berriz, nesken taldea plazaratu zuen, Badaiotz taldea, eta ezin izan zuten tiraldi bakar bat ere irabazi.

 

Ezustea

Jokatu ziren proba ezberdinetan ezuste gutxi izan ziren, eta izan zen handiena trontzan eman zen, Bizkaiak irabazi baitzuen, faborito ziren Nafarroako ordezkariak mendean hartuz. Aizkoran ere bazegoen ikusminik, bertan neurtu baitziren Atutxa, Vicente eta Larrañaga, Euskal Herriko Txapelketarako hiru faboritoak, baina gero Euskal Herrikoan aurkituko dutenaren lanarekin zerikusirik ez zuen izan. Atutxak ez zuen barkatu, eta Bizkaiarentzat izan zen garaipena, Vicenteren eta Larrañagaren aurretik.

Sokatiran Nafarroak eraman zuen garaipena, Beti Gazte taldeak. Harri jasotzen, berriz, Gipuzkoarentzat izan ziren punturik gehienak, sekulako lana egin baitzuen Mikel Lopetegik. Lokotxetan Bizkaiak irabazi zuen, baita orga jokoan ere, eta hor ikaragarrizko lana egin zuen Dramek. Zakuetan Nafarroa gailendu zen, eta lasto altxatzen ere ez zen ezusterik izan, Tubik irabazi baitzuen, puntuak Gipuzkoari emanez.

Bizkaiak irabazi zuen Zazpi Herrialdeetako Txapelketa, denera 47 puntu eskuratuz. Bigaren postua Nafarroa Garaiarentzat izan zen, eta 43 puntu batu zituen. Podiuma Gipuzkoak osatu zuen, denera 39 puntu pilatuz. Podiumetik kanpo, Lapurdi geratu zen laugarren postuan 33 punturekin, bosgarren Araba, 31 punturekin, eta sailkapen nagusia Nafarroa Behereak itxi zuen, 15 punturekin, horrela seikotea osatuz.

 

Indartu beharreko lehiaketa da

Berez Zazpi Herrialdeetako Txapelketak beharko luke izan herri kiroletako denboraldiko txapelketa nagusia, garrantzitsuena, baina garbi dago ez dela horrela une honetan. Ez da orain arte izan, eta gerora ere ez da erraza izango horrela izatea. Hala ere, garbi dago indartu beharreko zerbait dela, jendearentzat ere oso gustagarria baita, baita kirolarientzat ere. Hamar kirol ezberdin egiten dira eta hori oso polita suertatzen da, lanak laburrak eta azkarrak izaten dira, eta ikusleek gozatu egiten dute herri kiroletako Olinpiadak ikusten.

Aurten eguraldiak ez du batere lagundu, bestela leku paregabe batean jokatu behar baitzen, Sarako plaza laxoan, baina kanpoan jokatu ezin, eta kiroldegira eraman zuten, eta han ere ikuskizuna aparta izan zen. Jendearen erantzuna ere bai, harmailak bete egin baitziren, eta denek dioten bezalaxe, indartu beharreko lehiaketa da hau, eta ahal dela, izenak dion bezalaxe, zazpi herrialdeekin, nahiz eta ez den erraza izango. J.L.