Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Biziraule baten kronika

Izenburuan bi aipatzen bazaizkigu ere, hiru dira Alaine Agirreren azken lanak, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”-k hizpide dituen erditzeak, zein baino zein mingarriago, zein baino zein eragingarriago narratzailearen osasun eta bilakaera emozionalean. Amak narratzailea bera mundura ekarri zueneko uneari dago lehenengoa lotuta. «Nire ama nitaz erditu zenean, negar egin zuen», esaten digu narratzaileak. Erditze luze eta gogorra izan zen; haurdunaldia bera arrisku handikoa izan zen amarentzat eta hilabete gehienak ohean igaro behar izan zituen, burujabetasun ekonomikoa eta, batez ere, emozionala eman zion lanpostutik urrun.

Negarra, ordea, ez zegoen kontu horiei lotuta bakarrik. Amak «... negar egin zuen, bere bizitzan lehenengo aldiz, ama izan zelako; negar egin zuen, ama izan arren, ez zekielako nola izan zen ama» (13. orrialdea). Orduko hartan erditu bai, baina ez zen ama bihurtu narratzailearen ama. Kontakizunean zehar azalduko zaigunez, amaren ama erditu bai baina hura ere ez zen ama izan. Bigarren erditzea lehenengoa baino «lazgarriago, urragarriagoa» izan zen, baita «askozaz arriskutsuago» amarentzat zein narratzailearentzat. Narratzailea burutik gaixotu, amak haren ardura bere gain hartu eta bera ere gaixotu egin zenean jazo zen hura. Bata bestearen sostengu eta sendabide bihurtuta, alaba bigarrenez jaio zen eta ama, lehen aldiz, ama bihurtu. Hirugarren erditzea, aldiz, kontakizunaren amaiera aldera iragartzen zaigu: iraganekikoak kitatuta, familiako kideekin bakeak egin eta bere buru osasunaren ingurukoak onartu ostean, bere buruaz erditzea erabakitzen du narratzaileak.

Ausarta da “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”. Ausarta da gaiari –buruko gaixotasunen, amatasunaren eta ama-alaba arteko harremanen gaineko gogoetak harilkatzen ditu liburuak– zein hura jorratzeko erabiltzen duen idazkerari begira –hizkera zuzen, zorrotz eta doia erabiltzen du, aurreko lanetan bezala–.

Bere orain arteko bizitza markatu duten hiru erditzeetan sakontzen joan ahala, mingarriak diren zenbait egia azaleratu eta hainbat tabu suntsitu egiten ditu narratzaileak. Esaterako, amatasuna ez dela kontu biologikoa bakarrik –haur bat mundura ekartzearekin ez da bat ama bihurtzen–, ezta emakume guztiek desiratzen duten zerbait, edo desiratuta ere batzuetan ez dela komenigarria ekar ditzakeen arriskuengatik. Edo afektua faktore biologiko zein sozialen menpe dagoela; maitasuna jasotzen eta ematen ikasi egiten den zerbait da ere. Familia bera, gizarte harremanak egituratu eta arautzeko eredu den hori, ez da narratzailearen begirada zorrotzetik libratzen: babesleku beharrean errepresio gune da maiz familia; osasunbide beharrean gaixotasun eragile.

Emakumeak izan ohi dira kaltetuenak familia nukleoan jokatzea egokitu zaien rolagatik, baina konplize ere izan daitezke eta izan badira errepresio sistema horren barruan. Testu feminista da “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”; ez, ordea, eskapista.

Narratzaileak ez du bere burua zuritzen; familia draman jokatu izan duen rola onartu eta zorrotz aztertzen du. Funtsean, bere buru gaixotasunaren nondik norakoei heldu eta behar bezala ulertu ahal izateko egia horiei guztiei, mingarri izan ala ez, aurre egin behar die. Osabidea, berea zein ingurukoena, korapilo denak elkarrekin askatu ondoren bakarrik irits daiteke.

Funtsean, “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama”-ko narratzailea biziraule bat da eta liburua bera biziraupen prozesuaren kronika.