.J.L.
Urrezko aizkora

Julen Alberdi eta Juanjo Lopez aurrez aurre izango dira Kopako kanporaketan

Gaztetasuna eta eskarmentua izango dira aurrez aurre bihar Pobesen, 12.00etan. Bertan jokatuko da Urrezko Aizkorako Kopako kanporaketa. Juanjo Lopez beteranoa eta Julen Alberdi gaztea arituko dira aurrez aurre.

Bata gorako bidea hartuta dabil eta bestea, berriz, beherakoa. Ez du urte onegia aurtengoa Juanjo Lopezek eta urteetan ere aurrera doa, eta gaur egun lehiatzen ari den zaharrenetakoa ere bada Lezaungoa. Justu, kontrako bidea egiten ari da Julen Alberdi. Azkoitiarra aurten estreinatu da Lehen Mailan, bai Gipuzkoakoan, baita Euskal Herrikoan ere. Gipuzkoako finala ez zen izan beretzat saiorik onena, baina Euskal Herriko kanporaketan saio bikaina egin zuen, eta finalera sailkatzetik ere oso gertu geratu zen.

Erreferentzia horiek guztiak kontuan hartuta, garbi dago gipuzkoarra izango dela kanporaketa hau gainditzeko faboritoa. Bere lana ongi egiten baldin badu, eta Lopezek azkeneko egunetan ikaragarri hobetu ez baldin badu, aurrera egin beharko luke. Aizkolari bakoitzak lau 45 ontzako enbor eta beste sei kana-erdiko ere erdibitu beharko ditu.