Ariane KAMIO
DONOSTIA

Trantsituaren orbanak

Nagore Vargasen haurtzaro makurretik helduaroko iraultza ustekabekoetaraino, kontraesanari eta berrasmatzeari aldi berean heldu dio Uxue Alberdik «Jenisjoplin» eleberrian, ur lasterretan beheratutako pentsamendu, gorputz, ideologia eta psikologia zaurgarrietatik berriz ernatu beharreko identitate berri baten egituraketan.

2010ean, Nagore Vargasek 28 urte dituela, abiatzen da Artxandan “Jenisjoplin” (Susa). Libre irratiko beste kide batzuekin batera agur moduko bilkura bat antolatu dute, Polizia zelatan dutela jakitun, berehala atxilotuak izango direlakoan. Gertaerek, ordea, ez diete beren susmoei jarraituko eta ustekabeko iraultza berri bati heldu beharko dio protagonistak, bere identitatearen berrasmatzea ekarriko duen bide berri batetik abiatuta.

Ez luke intentzio berezirik nobela horrek sinpleki begiratuta, baina Uxue Alberdik eransten dizkion osagaiek egiten dute erakargarri “Jenisjoplin” lan berria. Nagore Vargas bera iraganetik zamatu duen bizitza da distiretako bat irakurraldi mingarri baina ez dramatiko horretan. «Haurtzaroko baldintza makurrek eraginda identitate oso irmoa, gotorra, eraiki behar izan duen pertsonaia da, errebelde bat». Espainiako migratzaile ezkertiarren ondorengoa, tabernarien alaba, zapalduen aldeko identitatea oso gazterik garatua duen emakumea da.

Eta hain zuzen, protagonistaren identitatearen eraikuntza horretan eta liburuaren beraren izenburuan, bere aitak, Rafa Vargasek –«mugako bizimodu errebeldeak maite dituen gizona– zama are handiagoa izango du. «Ausardiaren eta arriskuaren apologia egiten du behin eta berriz, eta halaxe heziko du alaba, olatuen kontra, bertigoaren kontra, erosotasunaren kontra. [...] Esaten du momentu batean Nagorek: ‘Nire aita 27 urterekin hil ziren emakumeen fana zen’. Tartean, Janis Joplinena». 27koen kluba, izarrak, gorputzak, musika, sexua eta ametsak.

Nagore Vargasek filtrorik gabe biziko ditu 80ko eta 90eko hamarkadak eta bere identitatearen metronomo bihurtuko dira. «Justizia grina du, desafiorako joera integratua, biolentziarako predisposizioa, autoritatearen kontrako jarrera, gainezka egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia. Badaude hainbat esaldi hori islatzen dutenak. ‘Borrokan bizirik sentitzen naiz, bakean hilda’, edo ‘horregatik bilatzen dut biolentzia, gorputz bat dudala eta nirea dela oroitarazten didalako’».

Berrasmatzea

Lubakien atzeko bizimoduari etena ematera behartuko duen gertakari bati aurrez aurre begiratu beharko dio, ordea, Nagore Vargasek, «gutxien espero duenean goitik behera amilduko baitzaio eraiki duen identitatea, bere buruaz sortu duen irudia, eta berriro marraztu beharko ditu bere buruaren, klasearen, aberriaren eta sexuaren koordenatuak. Identitatearen berrasmatze prozesua kontatzen da nobela honetan, gorputzari eta sexualitateari lotuta, oso intimoa beraz, eta aldi berean Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daiteke». Trantsituaren orbanak.

1982tik, Nagore Vargasen jaiotzatik, 2014. urtera arteko bidean ur lasterretan behera erritmo azkarrean doa kontakizuna. Eta trazu horretan Euskal Herriaren historiaren azken hamarkadetan barrena ere badoa “Jenisjoplin”. «Bidaia bat heroien kulturatik zaurgarritasunaren kulturara, aurrez aurreko enfrentamenduen garaitik gerra isiletara, biolentziaren garaitik erruduntasunaren garaira, taldetasunaren garaitik bakartzearen garaira, printzipioen garaitik printzipio likidoen garaira, kalearen garaitik etxearen garaira. Pertsonaiak jabetuta daude heroien kulturak eman duela berea eta ahultasunak eta kontraesanak kudeatuz egin beharko dutela aurrera». Eta ahultasun horien onartzearen bidegurutzean egongo da Nagore Vargas, ideia eta jarrera batzuk alboratzera behartua, forma berrietara gerturatzeko saiakeran.

«Sexua, musika, tabernak, adiskidetasuna, gorputza, ideologia, maitasuna, plazera da ‘Jenisjoplin’, gorputz bat oinazearen eta iraultzaren plazeraren erdian». Azalberritzen doan otarrain bat, zaharretik berrira doan pauso zail eta arriskutsuan. «Oso zaurgarri, oso bigun eta edozein harraparik eraso egiteko moduan eta nik uste horrelaxe dagoela Nagore nobelan, eta neurri batean ere gu horrela gaudela herri bezala. Edozein aldaketatan, edozein berrasmatzetan pasa beharreko trantzea dela uste dut. Beldurra eman du, baina ezinbestekoa da».