Maitane ALDANONDO
Durango

Addilan, elkarlanaren eta barne bulkadaren emaitza

Makina-erreminta sektorean ibilbide luzea duten Grupo Maherholding eta ONA Electroerosion enpresek landutako proiektu baten emaitza da Addilan. WAAM teknologian oinarritutako fabrikazio aditiboko makinak garatu dituzte pieza industrialak egiteko.

Barne ekintzailetza eta lankidetzaren arrakasta kasu bat da Addilan, sektore bereko bi enpresak indarrak batu eta elkarrekin jardunez egindako bidearen helmuga baita. Hamarkadetako ibilbidea duten Grupo Maherholding eta ONA Electroerosian makina-erremintako hornitzaileen elkarlanetik sortu da.

Amagoia Paskual Maherholdingeko negozio berrien arduraduna zen; hau da, bere erantzukizuna zen sektore industrialean aukera berriak topatzea. 2014an fabrikazio aditiboaren inguruan euren ezagutza aplika zezaketela ikusi zuten WAAM teknologia darabilen makina bat diseinatuz. Negozioa identifikatzean eurek bakarrik egitea zaila izango zela ohartu ziren eta, hori dela-eta, kolaboratzaile bila hasi ziren. ONA Electroerosion antzeko proiektu bat lantzen ari zela jakin zuten; beraz, bere atea jo zuten. «ONAri gure bisioa eta negozio aukera azaldu genion, interesatu zitzaion eta 2015etik bi enpresetako langileek osatutako lantaldea sortu genuen, eta garatzen joan da Addilan bilakatu den proiektua», gogoratu du Paskualek. Elkar ezagutzea eta lehiakide zuzenak ez izatea lagungarria izan zaie. Topatutako aukera norbaitekin partekatzeak «beldur handia eragiten du», baina horri aurre eginda taldea osatu eta kideek elkar ezagutzen dutenetik oso ondo funtzionatu du.

Hiruzpalau urtez teknologia garatu eta makina diseinatzen aritu ondoren, 2016ko azaroan enpresa bat sortzea erabaki zuten eta aurten hasi dute merkataritza jarduera. WAAM teknologian oinarritutako makinak diseinatu, fabrikatu eta saldu egiten dituzte eta, urte erdi eskaseko bidea eginda, Toribio Echevarria saria jaso zuten ekainean Enpresa Berria atalean. «Oso albiste ona» izan zela adierazi du Paskualek, «ez bakarrik diru laguntza eta babes finantzieroa beti ondo datorrelako, baita animoa, aitortza eta komunikabideetan oihartzuna ere». Industria arloan teknologia berri bat garatzea erronka interesgarria bezain handia dela uste du arduradunak: «Aitzindariak gara WAAM teknologiako makina aditiboetan, %100 halako makinak saltzen dituzten oso gutxi daude».

Azkarrago eta merkeago

Atalak egiteko metodo tradizionala metal bloke bat zizelkatzea da, materiala kenduz. Fabrikazio aditiboa, berriz, justu kontrako teknologia da, hutsetik hasi eta pieza geruzaz geruza egiten baita. Paskualen hitzetan honen balio proposamena da, «forja, galdaketa edo mekanizatuarekin alderatuta lehengaia eta energia gutxiago erabiltzen da eta pieza diseinatzen denetik hura lortu arteko denbora ere asko murrizten da».

Halako beste teknologiekin alderatuta, WAAMaren abantaila da «pieza handiagoak egin ahal izatea eta ekarpen tasa edo pieza bat fabrikatzeko abiadura askoz altuagoan». Teknologia honek metalezko haria erabiltzen du eta geruzen galdaketa soldadura bidez egiten du; beraz, soldaduran erabiltzen diren material guztiekin erabil daiteke. Addilanen makinek ez dituzte azken piezak sortzen, aurreformak baizik. Hau da, «lortzen den pieza mekanizatu egin behar da, baina bi milimetro». Halaber, kontrol propioa eta kamara inerte bat dute; Paskualek zehaztu duenez, «piezaren kalitatea bermatzen du hura fabrikatzen ari denean».

Lehengai garestiak edo fabrikazio denbora luzea duten atalak behar dituzten sektoreentzat interesgarria dela uste dute, hala nola, aeronautika, ontzigintza edota trenbide arloetarako. «Oso exijenteak dira. Metalezko pieza handiak erabiltzen dituzte, ezaugarri mekaniko oso zehatzak behar dituzte».

Erronka handia da eta hasieratik ahalegindu dira lankidetza akordioak lortzen bezero posibleekin. Haiek zenbait atal proposatu dizkiete eta horiek egiten dabiltza. Datuak bezero posibleei bidali eta horren arabera egiten doaz bidea. Jasotako erantzun positiboek eta forjan edo galdaketan egindakoekin alderatuta dituzten ezaugarri mekaniko onek animatu zituzten enpresa abiaraztera.

Lantaldean lau kide dira, baina bazkide diren bi enpresen laguntza dute. Makinak egiteko akordio bat lortu dute Lagun Machine Toolsekin, fresatzeko makinak egiten dituen Maherholding taldeko filial batekin. «Azpikontratatu egiten dugu, hala saihestu dugu inbertsio handi bat egin behar izatea».

Lehen urteko helburua ezagutzera eman eta salmentak lortzea da. Bide horretan, aurki azoka batean parte hartuko dute Alemanian eta urtea amaitu aurretik makinaren bat salduko dute. Horrez gain, makinaren balio katearen baitako teknologia osagarriei lotutako zerbitzuak ere identifikatzen ari dira negozio bide berriak lantzeko.