GARA
REALA

Odriozola, burua hotz daukan protagonista

Alvaro Odriozola izan zen atzo protagonista nagusia Zubietan. Jokalari gazteak aurreko astean debutatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta egindako partida onak sekulako oihartzuna izan du Estatuko komunikabideetan, ohiko fitxaketa zurrumurruak sortuz.

«Espainiako selekzioan gertatzen denak oihartzun handiagoa izaten du beti, baina ni Realean zentratuta nago. 2022ra arte sinatu nuen kontratua eta horri eutsi nahi diot, beste ezertan pentsatu gabe», argitu zuen gipuzkoarrak zurrumurru horietaz galdetuta.

Argi dagoena da, azken urtean, Realeko lehen taldearekin debuta egin zuenetik, atzelariaren ibilbidea oso azkar garatu dela, jokalariak berak aitortzen zuen moduan. «Bederatzi hilabete hauek eromena izan dira, dena oso azkar joan da. Baina zorionez dena ongi atera da eta oso pozik nago».

«Egunerokoan pentsatzea da gakoa, ez atzera begira jartzea ea zer egin dudan edo zer ez begiratzeko. Ni, adibidez, jada ahaztu naiz selekzioarekin, eta jada Alavesen bakarrik pentsatzen ari naiz. Bederatzi hilabete hauetan horrela izan da. Futbolak hori dauka: 3-4 egunetik behin hitzordu berri bat daukazu eta ordura arte egindakoak ez du ezertarako balio», gehitu zuen futbolari beteranoa balitz bezala.

Eta hobetu behar duena ere oso argi dauka: «Nik hegaleko postuan jokatu dut beti, alboko atzelari postuan denbora gutxi daramat. Horregatik atzeko lanean, kokapenean eta abar ikasi behar dut gehien. Horretan nabil buru-belarri, etorkizunean jokalari hobea izateko».

Honi buruzko guztia: REALA