J.L.
Harri-zulatzea

Aldai Alde izan da onena taldekako lehiaketan

Aldai Aldek irabazi zuen Euskal Herriko taldekako Txapelketa herenegun eguerdian Basaurin jokatu zen finalean. Faboritoen zerrendan agertzen zen talde hau. Hala ere, amaieran zentimetro batzuetako aldea besterik ez zen izan.

Aldai Aldek 13 zulo eta 2 zentimetroko markarekin lortu zuen garaipena. Bigarren postuan, berriz, Piratak sailkatu zen, 12 zulo eta 1,8 zentimetrorekin, eta podiuma Ortuellako Burdin Gazteak taldeak osatu zuen, 12 zulo eta 8,2 zentimetroko marka eginaz. Azken hauek ere faboritoen zerrendan zeuden, baina amaieran hirugarren geratu ziren.

Atzetik, Kabiezes (12 zulo, 3,9 zentimetro), Errekatxo (10 zulo, eta 3,6 zentimetro), Gallarta (8 zulo eta 1,6 zentimetro) eta KZ Kolpeka (4 zulo eta 7,4 zentimetro) sailkatu ziren.

Gaur, berriz, Barakaldon, Bagatza-Xake plazan, 13.00etan, mistoen finala jokatuko da. Bi bikote besterik ez dira izango lanean. Alde batetik, Maria Kintela eta Edu Hidalgo arituko dira eta bestetik, berriz, Arrate Beristain eta Iker Obregon.