Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Maskarak kentzeko gonbita

Bere portadaren gorriak eta ilustrazio indartsuak erakarri ninduten arren, sabanako erregeari buruzko istorio bat gehiago izango zelakoan hartu nuen liburu hau. “Lehoi erregea” etorri zitzaidan lehendabizi burura, baina ez, hori garrantzirik gabeko kointzidentzia bat baino ez dela ohartu naiz. Izan ere, liburua ez da Afrikako sabanari buruzkoa, ezta lehoi erregeei buruzkoa ere. Ez, liburu hau besteen eraginez jartzen ditugun maskarei buruzkoa da; horien atzean ezkutatzen denaren garrantziaz dihardu, eta, maskarak kenduz, garen bezala agertzeko gonbita egiten digu.

Bi lehoi ar dira ipuin honen protagonistak: aita-semeak. Aita da sabanako errege eta harro dago hazten ari den bere lehoikumeaz, hura ere errege bihurtzeko jaioa dela erabat sinetsita baitago. Lehoikumeak, ordea, baditu aita kezkarazten duten zenbait ezaugarri: umore handikoa da eta bere buruaz barre egiteko gai da; ez zaio lehoi-orro beldurgarririk sortzen eztarritik, katakume baten hotsa dirudien marramiautxo bat baino ez zaio ateratzen; eta zebra bat da bere lagunik minena, horrek kezkatzen du gehien aita.

Hori dela eta, lehoi aitak okilari maskara arin eta beldurgarri bat egiteko eskatuko dio, eta, gau batez, semea lo dagoen bitartean, isil-isilik, jarri egingo dio. Aita lasai geratuko da, behingoz, lehoi-erregeen modura izua eragingo duelakoan. Semea, berriz, ez da soinean daraman maskaraz ohartu ere egingo, hain da arina! Baina, ordura arte ez bezala, inguruko animalia guztiak uxatu egiten dituela konturatuko da, baita bere lagun zebrak ere.

Aitak lortuko du bere nahia: maskararen atzeko lehoia ezkutuan eta ahanzturan geratuko baita, eta, pixkanaka, azal berriak erakusten duen lehoi beldurgarri bihurtzen joango da semea, harik eta barrearen magiak, noizbait, bere benetako izaera azaleratzen lagunduko dion arte.

Margarita del Mazo idazlearen istorioak bezala, Paloma Valdiviaren ilustrazioek ere Afrikaren erdigunera garamatzate; hango oihal estanpatu eta koloretsuak ekarriko dizkigu gogora orriz orri darabilen joko kromatikoak: gorriak, horiak eta urdinak dira nagusi. Txikienen arreta berehala bereganatzeko moduko irudi xeheak sortu ditu, eta, sabanako animalia asko marraztu dituen arren, nabarmena da pertsonaia nagusien eta bigarren mailakoen bereizketa, azken horiek txikiago eta marra zuri edo beltz soil batez irudikatu baititu. Bien lanari esker, liburu honek irakurlearen edo entzulearen arreta erraz bereganatzea lortzen du, eta, korapiloa amaieran askatzen denez, guztiek irribarrez bukatzeko aukera ematen du.

Bestalde, une atsegin bat pasatzeko ez ezik, hizketarako gaia eman dezakeen liburua da hau. Izan ere, lehoi aitak semeari jartzen dion maskara indarrez ezartzen zaizkigun konbentzio sozialen metafora baita.

Besteek gugandik espero dutenaren indarraz ari zaigu idazlea, eta, hain zuzen, gizarteko arau horien kontra egin eta norbera den moduan agertzearen aldeko mezua zabaldu nahi du. Besteek gugandik espero duten bezala agertu beharrean, norbera den moduan, bere izaera eta identitatea errespetatuz azaleratzearen garrantziaz dihardu. Besteekiko desberdin egiten gaituena onartu, geure gain hartu, eta desberdinen arteko topaketaz gozatzeko gonbita egiten digu. Horrez gain, barrearen eta adiskidetasunaren onurak azpimarratzearekin batera, izuak eta gorrotoak gehien maite ditugunengandik urruntzen gaituztela ere gogorarazten digu, baina hori guztia oso modu sotil eta burutsuan lortzen du.