Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Erretorikoa

Atzerriko egunkari baten Interneteko edizioan ikusi dut bideoa. Hainbat lagun azaltzen dira bertan, adin, gizarte klase, etnizitate eta genero ezberdinetakoak, azken asteko gertaeren gaineko azterketa egiten. Abiapuntuari begira denetariko iritziak ematen dituzte elkarrizketatuek: batzuek alde, beste batzuek kontra, hirugarren talde batek erabaki garbirik gabe. Ondorioei begira, ordea, adostasuna erabatekoa da: estatu indarkeria ez dela bidea esaten dute ahots irmoz. Erantzun guztietatik, andrazko batek legearen inguruan egindako gogoeta geratu zait buruan iltzatuta. Legeak pertsonen bizimodua errazteko daudela esaten du, baina haren kalterako badira haiek aldatzea iruditzen zaio ondoriorik logikoena. Hizketagai duen kasuan, ordea, legea pertsonen gainetik jarri dute eta hau galdetzen du, kamerari serio-serio begira: zer da garrantzitsuagoa, legea ala pertsona?

Kexu dira ikasleak orain arte izan dituzten irakurgaietatik batek berak ere ez duelako amaiera “zoriontsurik”, alderdi tragikoari bakarrik heltzen diotelako. Horrekin zer esan nahi duten galdetu eta poztasun handirik gabeko istorioak direla erantzuten dute. Bai, tarteka azaltzen dira une on gutxi batzuk, baina erabateko zoriontasunik ez da kontakizun osoan. Eta amaitu, hasi bezala amaitzen dira, “konponbide”-rako ideiarik eman gabe.

«Hollywoodeko filmetan bezala izatea nahi duzue?», esan diet haiek xaxatu asmoz. Serio-serio begiratu didate. «Zergatik konplikatu behar dute dena legeek?». Haiena ez da galdera erretorikoa.