Miren LIZARRALDE
poesía

Itzuli aurreko guda

Oroitzapen hautsien berreraiketa proposatzen du Martin Bidaurrek “Itzulera” lanean. Eguneroko poetiko baten amildegian behetiko gorako bidean gora eginda eman ditu pausoak, eta memoriako iltzeak banan-bana askatu ditu bereak ez ezik senideenak ere badiren arrokatzar trinkoen erraietatik. Literaturaren lubakian lehen lerroraino iritsi da 21 urteko idazle gaztea, bizkar gaineko zamari zor dion iluntasun hertsian amildu ostean.

Bere poemategiko lehenengo atalaren izenburuari keinu eginez, hautsitako souvenir baten puskak banan-banan jaso ditu zoru hotzetatik, Parisko kaleetatik, bizitzaren korridoreetatik. Zatirik txikienak berreskuratu eta poema labur baina sakonetan berez zuen itxura ematen saiatu da berriro. Bost «borroka eremutan» banatu du bere lehenengo lana. Bidezidor nahasietan, kontakizun estatikotik urrun eta poesiak mugimenduari zor dion abiadura kulunkatsuan berunezko zerupeetan idatzi izan zituen sorkuntzei zentzurako bide eman die. Muturreko hausnarketetaraino luzatu du eskua hauts artetik erreskatatutako oroitzapenetan, izan heriotza, izan existentzialismoa, izan bizitza bera. Lekeda sotilaz itsatsitako sentipenen mapa egituratua da “Itzulera”, amildegiaren goialdean ezkutuan dagoen lautada eta belargune zabalen iradokitzailea.

Barru-barrutik papereratutako asmoen zerrenda mamitua, uzkurtutako sentipenen galbahe mutu batetik irekieraren alde argitasunak bidea aurki dezakeen zirrikituetarainoko bidearen trazua egin du Martin Bidaurrek. Parisko ezlekuetako zuloetan utzitako iraganaren oroitzapen sendoegi batzuetatik norbere egitura emozionala biguntzeraino behar izan dituen arrazoi metaketen ondorio bat da. Inoiz inon egoteko, existitzeari nolabait uzteko nahi baten, itzuli aurreko guda baten kontakizun intimoa.