Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
JO PUNTUA

Ekonomia kolaboratiboa? (1/2)

Uber, Airbnb, Deliveroo… gero eta aplikazio gehiago kokatzen dira «ekonomia kolaboratiboa» deitzen dioten horretan. Oraindik ez da aplikazio hauen eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenari loturikoa neurtzeko ikerketa nahikorik egin ahal izan. Baina jada marko kontzeptual baikor bat sortu dute: «ekonomia kolaboratiboa» (sharing economy batzuetan). Baina nago, aplikazio hauen kasuan, kolaborazioa baino, negozioa dela gehiago.

Uber, Airbnb eta gisako enpresek erabiltzaileen arteko kolaborazioa sustatzen dutela defendatzen dute sutsuki. Eurak bitartekari hutsak direla. Plataforma bat eskaintzen dutela, erabiltzaileak euren artean konektatzeko. Azken urteotako joera irauli dute, joera bitartekarien desagertzea baitzen: sortzaile eta kontsumitzaile edo erabiltzaileen artean zeuden bitartekariak desagertu egin dira sektore askotan (musikagintzan, esaterako). Baina joera hori irauli, eta aplikazio hauen atzean dagoen negozio-eredua, hain zuzen, bitartekari huts izatea da.

Eta bitartekari huts direlako, aplikazio horien erabiltzailea da zerbitzua eskaini, ibilgailua edota etxea jarri, baliabide horiek zaindu, denbora eskaini eta lan guztia egiten duena. Bitartekaria bitartekari hutsa da. Ez du langilerik kontratatzen. Lana egiten duten erabiltzaileak, autonomo gisa tratatzen ditu. «Autonomo faltsuak» direla esaten da, askatasunik gabe lan egiten baitute. Ez baitute beren ordutegiak, komisioak eta abar erabakitzeko askatasun osorik. Ezta babesik ere. Erabiltzaileek lan guztia egiten dute, modu prekarioan. Eta bitartekaria da benetan dirua irabazten duena. Eta hori gutxi balitz bezala, erregulaziorik ezaren ondorioz, erregulatutako zenbait sektore modu drastikoan kaltetzen ari dira (taxisten lana, alokairuen garestitzea, eta abar).

Nago, Uber, Airbnb, Deliveroo eta gisako enpresen kasuan, «ekonomia kolaboratiboa» kapitalismo digital gogorrenaren izen sinpatikoa dela. Negozio-eredu berri bat, lanaren prekarizazioa eta harremanen merkantilizazioa oinarri dituena. Erregulazioa ezinbestekoa da.