Jordi Murgoitio
ZORROZTARRIA

Bestelako albisteez, gaur

Ez, gaur ez dut Kataluniakoaz berbarik idatziko. Zin dagit! Ho prometo! Com hi ha Govern! Bazterreko albisteak izan direnez baino ez. Horra, kasu baterako, glifosatoa. Bai, Europar Batasunak gaiari eutsi zion aspaldian, belar-hiltzaile ezaguna den pestizida hori legean behin-behinekoan mantendu edo lege berean behin betikoan kanpo utzi; esanguratsua gero hango Ganberan hiltzaileei buruz hain eztabaida luzea ematea, biodibertsitatea jomugan denean! Tira, seguruenik aitzakia dute glifosatoa Ganberan Kataluniako prozesuaz berba ez egiteko. Hara, Katalunia gogora! Kawen! Mon Dieu! Déu meu!

Eta gure lurretatik atera gabe, horra Lurrama Biarritzen, laborantza herriko eta iraunkorraren azoka, Bioaniztasunaz goza! lelo hartuta. Bai, bioaniztasuna denean, barneko azokan eta kanpoko merkatuan; eta politikaren landetan berdin, Estatu handiak bioanitza izan nahi badu Estatu txikitan apurtu behar delako, naturaz, Km0 eta zirkuitu laburrak ardatz! Katalunia gogora! Déu meu!

Eta hegoaldera etorrita, hara! Lemoizko hartan zer eta arrain haztegi handia kokatu gura! Azkenean arrazoi faltan ez zen garaiko jesus-lagun hura, zentral nuklearrak ondoko itsas urak berotuta itsaskiak ugalduko zituela zioenean. Ez dira itsaskiak izango arrainak baino, baina tira, profeta ematen zuen. Portzierto, arrainen artean zebra muskuilua izango ote? Ze muskuilu hori Ebrotik heldu zitzaigun, Kataluniatik! Zebra meu!

Dena den, 4.0 ditxoso horrekin ez da itsasorik behar itsas arrainetan arrantza egiteko, itsasoari surfa egiteko “bokazioa” eman baitiote metropoliko planifikatzaileek… A! eta plastikoen bilgune izatea ere bai! Baina kosta ahala kosta Kantaurikoa eta Mediterraneokoa itsastuak dira, itsatsiak, hangoan gaurkoz olatu gehiago badira ere. Katalunia gogora! Meu onada!