Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Irudimenez betetako kaxa hutsak

Altxa dezala besoa haurtzaroan kartoizko kaxa batekin jolas egin ez duenak! Nork ez du jostailu berriaren kaxa espaziontzi, auto edo etxetxo bihurtu? Orain, helduon logikaren bidez, nekez ikusiko genuke horrelakorik kaxa baten aurrean jarrita, baina barruan dugun umea piztuko bagenu? Liburu honetako protagonista bezala hasiko ginateke jolasean. Eta berehala izango genuke etxekoren bat kaxa horrekin zer arraio egiten dugun galdezka.

Horixe gertatzen zaio liburu honetako protagonista den untxi txikiari ere. Kartoizko kaxa batekin jolasean hasi orduko, galdera egiten diote: «Zergatik zaude kaxa batean eserita?»; «Zertan ari zara kaxa horren goitian?»; «Zergatik ari zara kaxa bustitzen?». Ez dugu galderak egiten dituenaren ilustraziorik ikusiko liburu osoan, baina heldu baten ahotsa irudikatuko dugu berehala. Untxiak erantzun bakarra du galdera guztientzat: «Ez da kaxa bat». Izan ere, berak kirol-autoa, mendi-tontorra, eraikina, robota eta beste hainbat gauza ikusten du kutxaren lekuan.

Album ilustratu honek oso modu xehean irudikatzen du objektu soilekin haur baten irudimenak sor dezakeen unibertso aberatsa. Hori guztia oso modu xumean ekarri du Antoinette Portis idazle eta ilustratzaile estatubatuarrak liburu honetara; galdera-erantzunetara mugatzen da testua, eta, marra beltz soilez irudikatzen da egoera erreal bakoitza, baina, ondoren, untxiaren begiek ikusten dutena marra gorriz eransten dio eszena horri. Ez dago bestelako irudi gehigarririk, ezta atzealdeko eszenarik ere, baina, hain zuzen, soiltasun horri esker iltzatzen dira txikienen begiradak kontakizunera.

Formatuarekin ere jolasa bilatu du Portisek. Istorioaren abiapuntua kartoizko kaxa bat denez, enbalatzeko erabili ohi den paperaren kolore eta testura berekoak dira azala eta kontrazala. Gainera, biltzen duenaren pisua ere adierazten du bertan: 250 gramo. Nik neuk kilotan adieraziko nuke datu hori, liburu honen benetako pisua edo mamiaren garrantzia handiagoa dela uste baitut. Izan ere, gaiaren planteamendua oso xehea den arren, muinera jotzen du, jolasaren sustraietara, irudimenaren mundu zabal horretara.

Idazleak oso modu apalean gogorarazi nahi digu dibertsioa ez dela jokorik sofistikatuenekin lortzen, gakoa norberak ondo pasatzeko duen gogoan dagoela. Eta, horrekin batera, kritika inplizitu bat ere egiten dio azken hamarkadetan sortu dugun aisialdi teknologikoari. Benetan uste dugun bezain erakargarriak dira XXI. mendeko jostailu mega-elektroniko-zibernetiko-teknologikoak? Hori horrela bada, nolatan erantzuten dute egungo haurrek guk XX. mendean egiten genuen bezala, alegia, kutxa hustuz eta irudimenarekin betez?

Ezin aipatu gabe utzi Portisek sortutako haurrentzako lehen albuma izan zela “Not a box” –ondoren idatzi zuen estilo bereko “Not a stick”−, eta hainbat sari jaso dituela 2006an argitara eman zenetik. Besteak beste, AEBetako American Library Asociation (ALA) erakundeak ematen duen Theodor Seuss Geisel sariaren Ohorezko Liburua, 2007an; Banco del Libro de Venezuela erakundeak haur eta gazte literaturako onenen artean hautatu zuen, 2009an; eta, 2015ean, Argentinako Hezkuntza Ministerioak ere bere liburu gomendatuen artean sartu zuen.

Ia hamar urte pasatu dira euskarazko argitalpena kaleratu arte, baina itxaronaldiak merezi izan du. Etxeko txikiak –eta ez hain txikiak−, identifikatuta sentituko dira untxiarekin eta berehala hasiko dira kaxek izan ditzaketen beste erabilera batzuk asmatzen. Ea liburu honek guri ere barruan dugun umea azalera ekartzen laguntzen digun eta kaxekin (edo ez-kaxekin) berriro jolasean hasten garen. Irakurle eta entzule txikiek eskertuko digute, seguru.