Ariane KAMIO
DONOSTIA

Harreman inausiak

Arantxa Iturbe artaziekin irudikatu, kimatzekoekin, bere moldera makurtu baititu «Honetara ezkero» bildumarako sortu dituen 29 bonsaiak. Baina berea ez da lorezaintza jarduna, honainokoaren edo hemendik aurrerakoaren aukeraketara egindako hurreraketa lasterra baino. Gehiago haztea debekatu dien ipuin labur monumentalak.

Arantxa Iturberen (Alegia, 1964) ipuinetan lore gutxi, zorroztasun asko. Egileak berak dio ez daukala loreetarako sentsibilitate berezirik, eta bere errelatoetako paisaietan ez dagoela naturarik. «Nire istorioetako belar txarrak, barrabasak, lau hormaren artean kokatzen dira».

Bonsai egilearena edo bonsai zaintzailearena –edo agian bonsai torturatzailearena– egin du “Honetara ezkero” (Susa) azken ipuin bilduman. «Ez ditut ureztatu, ez ditut zaindu, kimatu egin ditut». Eta zitalkeria literarioarekin jokatu du, gainera; «ez diet arnasarik hartzen utzi, nahi nuen neurriraino moldatu ditut. Bihozgabe kimatu ditut. Horregatik eman dute hain fruitu txikia. Bonsai ipuinak izan zitezkeen ere». Hitz gutxiko eta esanahi askoko narrazioak dira bereak, batzuk orrialde pasatxoko luzerakoak; eta gehienez hiruzpalau orrialdekoak. Hogeita bederatzi orotara.

Euskadi Irratiko “Arratsean” saioko esatariaren ahots berberaz egin du aurkezpeneko irakurketa-solasaldia. Eta malezia narratiboari lorategiko erreferentziak erantsi dizkio, berriro. «Bonsaiek sufritu egiten dute haztean eta onartu behar dut asko disfrutatu dudala sufriarazten. Halaxe konta zitekeen kontatu nahi nuena».

Harremanak jarri ditu ituan –edo bonsai-enborrean– bere ipuinetan. Askotarikoak. Desberdinak. Generoz zein adinez. Ikuspuntuz. «Hartu-emanak dira gehienen muina. Inkomunikazioak, gaizki ulertuak, zer esaten eta isiltzen dugun, zergatik...». Ez soilik gizon eta emakumeen artekoak. Badira ere lankideenak, lagunartekoak, adin desberdinetako familia berekoenak. Denak hartu-emanak, eta gehienetan bada emakumezko ahots bat. Zurrumurru iradokitzaile bat, kimatzen hasita, izenak ere kimatu baititu Iturbek. Badira edadeko emakumeak ere. «Adin batera iritsi eta gazte izateari uko egin nahi ez diotenak ez, edadeko emakumeak baizik». Edo protagonista adinik gabeak. Adindunak diren bakarrak hartu-emanak berak. «Eta hartu-emanak urteak bete ahala herdoildu egiten dira, eta batzuk jaio ere herdoilduta jaiotzen dira».

Guztien lehen lerroan, izen bakarreko izenburua. Ez horregatik erakargarritasun urrikoak. Lehenengotik hasita, “Potroak” begi aurrean. «Ines horrek dizkin potroak!», abiatzen du bere sorkuntza Iturbek, ipuin laburrak baino, ur lasterretan hasten den kontakizun sorta. Maldan behera, braust. Hitz gutxitan asko esatearen dohainari zor zaio, lengoaiaren ekonomia ondo dosifikatua duten narrazioei esker. Irakurlearekiko konplizitate bilaketa, bihurrikeriak egiteko zilegitasuna.

Ipuin bakar batean aipatzen da liburuaren izenburua. “Honetara ezkero”. «Liburuaren izpiritua biltzen du». Gazteen ahotan erabilera duen esamoldea ei da, baina beste modu batera entzuna. Maiz. «Es lo que hay». Ez aurrera ez atzera doana, dagoenaren aldeko konformismoa, «aldatzen saiatzea antzua balitz bezala. Behin honetara ezkero, kosta egingo zaie (protagonistei) dauden egoeratik irtetea». Errutinak, konfort guneetan eroso sentitu nahia, ezezagunari beldurra. «Egoera horretan daude gehienak. Ipuin bizkorrak dira, protagonistak ere bai. Eta pentsatu nahi dut honetara ezkero irteten asmatuko dutela».

“Honetara ezkero”-ri aipamen zuzena egiten dio Iturbek ipuinetako batean. «Protagonistetako batek hau dio: ‘Bi aukera ditugu: honetara ezkero edo hemendik aurrera». Idazleak bigarren aukeraren alde egin nahi du, ataka horretan dauden bi aukeretatik bat hautatzekotan.

«Bart ez dut begirik bildu, amesgaiztoak amesgaiztoekin kateatu zaizkit. Lagunak, ezagunak eta ezagutzen ez nituenak ere agertu zaizkit ametsetan». Eta hitz egin egin diote: «Ileak apropos nahasten dituenarena nik kontatu nizun», «‘hobe ezkongabe alargun baino’ nik esan nizun». Eta beste amets batean idazle mordoa topatu omen du: «Hori nik idatzi nuen, hori niri irakurri zenidan», «esnatu eta liburuaren azala ikusi dut. ‘Honetara ezkero’, pozik nago lan hau aurkezteaz». Bere inguruarekiko erreferentziak, irripeko ‘lapurreta’ xaloak.

Arantxa Iturbek ez du irakurlearengan pentsatzen ezer idazten ari denean, geruza sintetiko batetik mezu unibertsalagoak zabaltzeko asmoa baitu lehen. «Hitz bakar batekin gauza asko esan daiteke». Hartara, irakurlearengan ere espektatibak jartzeko zilegitasuna ematen dio bere buruari. Bizkor irakurriko duten irakurleak, istorioari falta zaiona betetzeko gai direnak, «irribarre batekin irakurriko dutenak. Ez diot inori sufriarazi nahi». Urteetan pentsatu izan du ez duela luzeago idatzi gaitasun faltagatik, baina orain ez dago ziur buruan izan duenaz. «Zailagoa da moztea; esentzia minimo hori lortzea ez da erraza, baina niri erraza egiten zait». Kimu adartsu bat sortzea bai behintzat.