Ehiza esku, ehiza leku
Silvia Federiciren «Caliban eta sorgina» da Eskafandra bildumaren hirugarren alea, historiografia feministatik kapitalismoaren bilakaera, giltzarri, arrazoi eta egungo ereduetarainoko ikerketa.

Silvia Federicik (Parma, 1942) jarri du Elkar argitaletxeak eta “Jakin” aldizkariak koedizioan daramaten Eskafandra bilduma feministako hirugarren alea. “Caliban eta sorgina. Emakumeak, gorputza eta metatze primitiboa” lana euskarara ekarri dute oraingoan, Angela Davisen (“Emakumeak, arraza eta klasea”) eta Virginie Despentesen (“King Kong teoria”) tesiak euskaraz publiko egin ondoren. Ia bostehun orrialdeetaraino iristen den lana Edurne Lazkanok eta Aitor Arrutik itzuli dute.
Bere ikerketa eta bere tesia modu xehe, zorrotz, sakon eta argian plazaratu zuen bere garaian Federicik, eta izaera berberari jarraituz egin da orain euskararako ekarria. Historiaren berrikuste bat proposatzen du historialari feminista marxista italiar baina AEBetan egonkortutako honek, XVI. mendetik XVII.eraino gertatutako kapitalismoaren trantsizioa deritzon garaitik hasita. Historiografiak maiz ikertutako bi mende izanagatik ere –eraldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak, kolonizazioa eta mundu berri gisa ezagutu zen Amerika hura– ikuspegi feministatik egindako berrirakurketa da Federicik egiten duena, garaiko motor haiek XXI. mende hasiera honetaraino ekarrita.
Areago, sistema osoaren aldaketa horretan emakumeak duen harremana eta sorgin ehizaren arrazoi, gauzatze eta ondorioak aletzen ditu. «Bere teoriaren arabera, orduko emakumeak sorgin bihurtu zituzten, kriminalizatu, literatura bat sortu haien inguruan, jazartzeko arrazoi bat sortuz. Horrela egin izan zuen Inkisizioak. Eta jazarpen hori gabe kapitalismoak ezin izango zuen gailendu, indarra hartzeko ezinbestekoa zuen emakumeak jazartzea», aipatu zuen “Jakin”-eko zuzendari Lorea Agirrek, Federiciren tesiaren iturburu nagusiak agertzeko orduan. Kapitalismoaren indar hartzeak, hartara, gizarte eredu berri bat ekarri zuen, Federiciren aburuz, «itxituran sartzeko beharra». Ondareak, bizitokiak eta pentsamendua hesitu ziren. «Lurrak pribatizatu ziren; gizonak lan eremuetara eraman zituzten; lanaren etikaren pentsamendua sortu zen; emakumeak etxeetan itxi zituzten, erreprodukziorako, umeak hazteko, zaintzarako, irakasteko; umeak berak eskolan sartu zituzten; eta ekonomia itxi bat eraiki zen». Hortik, gaur egun ezagutzen den patriarkatuaren ereduaren ernamuina.
Federiciren pentsamenduaren ezaugarrietako bat da kritikarako gaitasuna, eta kritika horietatik gerora egiten dituen ekarpenak. Eta hortik Marxi berari kritika, lurren esplotazioa metatze kapitalistaren prozesuan ezinbestekoa dela sinetsita. «Federicik dio metatze horren oinarrian dagoela emakumeen doako ugalketa lana. «Humanitatea sortzen dute, hezi, zaindu, irakatsi... eta gizaki horiek merkaturatu egiten dira gero, kapitalaren mesedetan. Metatze primitiboa da, hortaz. Eta erreprodukzio hori kontrolatua da gainera. Esaten du emakumeak erreprodukzio makina direla, eta gizonezkoak lanerako makina». Eta hortik eratorria da Federiciren bigarren ideia nagusietako bat, merkatuaren genero bereizketa, emakumeen doako lana eta gizonezkoen prekaritatea. Berriz ere kapitalaren mesedetan.
Kapitalismoak bostehun urteko adina badu, gaur egun zer geratzen da horretatik? «Federicik esaten du kapitalismoak bide beretik jarraitzen duela, emakumeen gorputzak eta lurrak konkistatzen». Adibide gisa jarri zuen Agirrek Afrikako auzia, non «lurrak pribatizatzen ari diren, eta emakumeak, urteetan lur horiek landu dituztenak, desplazamendu prozesu batean sartu dituzten, eta erasoak izaten ari diren, bortxatuak...».
Historialari feministaren aburuz, «kapitalismoak eremu berriak konkistatu behar ditu, eta eremu horiek dira emakumeen gorputzak eta lurrak». Bere tesia gaurko garairaino ere badakar Federicik, ez da soilik berrirakurketa historiografikoa berea. Defendatzen duenez, kapitalismoaren azken konkista da haurdunaldi subrogatua.
Hala, erresistentzia guneak sortzeko beharraz ohartarazi eta gogorarazten du sorgin ehiza ez dela iraganeko kontu bat, aurrera doan errealitate bat baizik.
Eulalia Abaitua
Bere diseinuan aldaketak ekarri ditu Eskafandraren azken alean. Orain artekoetan autoreen argazkiek ilustratu izan badituzte liburuetako azalak, kasu honetan Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarrak 1900. urtean ateratako irudi batek ilustratzen du lana. Begoñako erromeriara joandako emakume baserritar baten lehenengo planoko argazkia da. «Federicik ez zigun bere argazkirik eman nahi izan, arrazoi feministengatik. Esan zigunez, duela mende batzuk gertatutako sorgin ehiza hartan gure amak, gure amonak, birramonak, birramonen birramonak zeuden, gu ginen, eta azalean emakume baten argazkia jarri behar genuen».

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
