gara, donostia

EUSKADI TA ASKATASUNAREN INFORMAZIO OHARRA

ETAk, nazio askapenerako erakunde sozialista iraultzaileak, lehenik eta behin Belen Gonzalez Peñalba burkidea ekarri nahi du gogora. Azaroaren 16an hil zen ETAko gudaria gainerako kide guztiontzat eredu izan dela nabarmendu nahi dugu. Agur eta ohore, Belen. Ez dela denbora asko esan genizun bezala, beti izan duzu zure lekua etxeko sutondoan. Doazkie bere senide eta hurbilekoei gure dolumina eta besarkadarik handiena.

Ohar honen bitartez, euskal preso politikoen aldeko jardunetik eratorritako hausnarketa eta erabaki batzuen berri eman nahi du ETAk.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eztabaida egin du eta ildo zaharberritua jorratzeko asmoari ekin dio. Bestalde, gizarte zibilak urratsa egin du gatazka politikoaren ondorioei aterabidea emateko ahaleginean sakonduz. Konponbideak osoa izan behar duela adierazten ari da argi bezain garbi. Nabarmendu beharrekoa da, zalantzarik gabe, abenduaren 9an Parisen izango den ekimena. Aldi berean, hainbat eragile, erakunde eta erakundetako ordezkari konpromisoa azaltzen ari da presoen eskubideak errespeta daitezen. Ezker Abertzaleak ere presondegietan dauden militante politikoen ekarpena bideratzeko ahalegina indartu du. Horiek denak horrela, euskal presoak etxeratzeko erronka Euskal Herriaren erronka bihurtu behar dela uste du ETAk.

EPPK-k egindako eztabaidaren ondorioz, ETAk erabat barneratu du euskal preso politikoak Kolektibo horri daudela lotuta, Ezker Abertzalearen proiektu politikoarekin bat egiten dutela eta, kokapen horretatik, Euskal Herriaren herri, nazio eta estatu proiektuan ekarpena egingo dutela. Horrenbestez, esan gabe doa ez diotela ETAri erantzuten eta ETAk ez duela haien jarduna gidatzen.

Konponbidearen agenda Euskal Herriaren esku uzteko bidea abiarazi du ETAk, armagabetze prozesuan egiaztatu ahal izan zenez. Konponbidearen agenda ETAren eskaria izatea balizko negoziazio prozesu batekin lotzen den bitartean, gizarte zibilak, herri sektoreek eta Euskal Herrian indarrean diren erakundeek bere egiteak beste dimentsio handiago bat emango lioke erronkari.

Presoek emandako bozen ondorioz, orain arte ETAko mintzakide izan diren Iratxe Sorzabal eta David Pla hautatu dituzte Kolektiboaren ordezkaritza osatzeko. Lan berri horretan izango dutela lehentasuna kontutan hartuta, eta gatazkaren ondorioei konponbidea bilatzeko ardura politikoa beste eragile batzuk hartzen ari direla onartuta, Sorzabal eta Pla gure erakundeko mintzakide izateari uzteko erabakia hartu du ETAk.

Datozen hilabete eta urteetan erronka handiak izango ditu Euskal Herriak. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekartzea izango da horietako bat, nagusietako bat. Askatasunaren bidea burutzeko ezinbesteko osagaia. Lan eta borroka franko dago egiteko, eta horretan konprometitzeko dei egin nahi diegu ETAk ordezkatzen duen proiektu eta balore politikoekin bat egiten duten guztiei. Etorkizuna dugu irabazteko. Euskal Herria eta askatasuna.

Euskadi Ta Askatasuna

Euskal Herrian, 2017ko azaroaren 23an