J.L.
Lasto altxatzea

Tubi da berriro ere Euskal Herriko txapela lortzeko faboritoa

Lasto-botatzeko Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da bihar Dimako plazan, 12.30ean.

Juan Carlos Lopez, Sergio Aldasoro, Mikel Agirre, Beñat Obieta, Tubi, Patxi Ituarte, Ekaitz Salcedo, Andde Arbenoitz eta Anthony Govaert-ek hartuko dute parte.

Kirol hau oso gustagarria izaten da zaleentzat. Atletismoko pertika-jauzia edo altuera jauziaren itxura izaten du. Sardearekin 12 kiloko lasto fardoa hartzen dute, eta horrekin ahalik eta altuerarik handiena gainditzea izaten da helburua, aipaturiko atletismoko bi proba horietan bezalaxe.

Kirolari bakoitzak gehienez ere hiru aukera izaten ditu, eta hirugarrengo horretan ere kale egiten baldin badu, lehiaketatik kanpo geratzen da. Horrela, markarik handiena lortzen duenak lortzen du txapela. Proba honetan Tubi tartean izanda, bera izango da irabazteko faboritoa.

Berak eraman ditu azkeneko txapelak, eta iaz 6,40 metroko altuera gainditzea lortu zuen, garaipen erosoa lortuz. Andde Arbenoitz izan zen iazko bigarrena.