GARA
afizionatuak

Villabonako final-laurdenak gaur hasiko dira

Behar Zana Pilota Taldeak antolatzen duen VI. Antton Pebet memorialaren final-laurdenetako aurreneko bi partidak gaur arratsean jokatuko dituzte Villabonako pilotalekuan. Lehen neurketan, Alberdik eta Gorrotxategik Urbieta eta Arangurenen kontra jokatuko dute; bigarrenean, Salaberriak eta Garmendiak Urmeneta eta Urruzolaren aurka.

Aurreneko norgehiagokari dagokionez, Alberdi eta Gorrotxategi serieburu bezala sartzen dira lehiaketan, Urbieta eta Aranguren, aldiz, asteburuan kanporaketa jokatzetik datoz. Azken horiek ostiralean jokatu zuten Peru Labaka eta Aizpitarteren kontra eta erraz irabazi zuten: 22-13, 21-7 irabazten joanda. Lan zailagoak izango dituzte gaur seguruenik.

Bigarren deman, Salaberria eta Garmendia dira zuzenean sailkatuta zeudenak, eta Urmeneta-Urruzola kanporaketa gaindituta datozenak. A zer-nolako garaipena gainera: Santxo eta Esnaolaren kontra 10-2 eta 20-10 galtzen joan ziren, baina azkenean 22-20 irabazi.