Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Lurra

Laburra da hondo beltzaren gainean zuriz idatzita ageri den mezua. Tituluak, gainerako testua baino hizki handiagoetan idatzita, ondokoa dio: “Presidenteak zure lurra lapurtu zuen”. Haren azpian, ondokoa: “Ilegala den ekintza batean, presidenteak Bears Ears eta Grand Staircase-Escalante monumentu nazionalen tamaina txikiarazi du. Babestutako lur-eremuaren suntsipen handiena da hau AEBetako historian”. Enperadore eroaren gero eta traza handiagoa duen AEBetako presidentearen azken burutazioetako bati erantzuten dio mezuak; hau da, indiar amerikarrentzat sakratuak diren eta Obamaren garaiko administrazioak babesteko konpromisoa hartu zuen lur eremuen txikitzea, mineralen ustiaketa bideratu ahal izateko. Mezuaren egilea kalitatezko –hots, prezio ikaragarrietan– kirol eta aisialdiko arropa zein tresnak saltzen dituen Patagonia konpainia da. Honek ingurugiroaren babesarekiko jarrera aurrerakoia eta ekintzailea agertu ohi duela-eta gogokoak dituzte Patagonia dendak AEBetako hipster-ek, kontsumismoa nostalgia, moda eta etikaren erdibidean dagoen zerbait bihurtu duten horiek, Patagonia dendak. Haientzat Patagonia bezalako erraldoiek praktikatzen duten kapitalismoa biguna da: merkatuaren okerrak beren ekintzaile rolarekin (eta beren arropetan kotoi organikoa erabilita, jakina) konpontzen dute. Hala ere, kapitalismoarekin, biguna izan ala ez, fidatzerik badago? Gakoa mezuan bertan dagoela iruditzen zait: AEBetako historiaren gainean –lapurtutako lurrean eraikitako herrialdea– egiten duen irakurketa kapritxosoan.