GARA
IRUÑEA

«Bestelako argiak» hartuko du Iruñea

«Bestelako argiak» bideo arte erakustaldiak irudiz beteko ditu Iruñeko bazterrak abenduaren 21etik aurrera, 17 egileren proiekzioekin.

“Bestelako argiak” bideo arte erakustaldiaren bigarren edizioa antolatu du Iruñeko Udalak eta, horrekin batera, hiriko bazterrak irudiz beteko dira berriro ere. Aurten hamazazpi egileren sorkuntzak proiektatuko dira Alde Zaharreko hainbat eraikinen aurrealde eta hormetan. Abenduaren 21etik hasita hamar egunez ikusi ahalko dira proiekzioak eta, horrez gainera, aurten hainbat zinema eta bideo lantegi egingo dira. Bideo mapping ikuskizun bat ere egongo da, Ziudadelako Arma Aretoaren fatxadan.

Ekitaldiaren aurkezpenean Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Maider Belokik azaldu zuenez, ekimen honen bidez «arte-adierazpenaren eta abangoardiaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du» Iruñeko Udalak. Alde Zaharreko eraikinetako proiekzioak zortzi txokotan eta 18.30etatik 21.30etara bitartean egingo direla ere zehaztu zuen. Honakoak dira txoko horiek: Gayarre antzokiko kanpoaldea, Xabier kalea, Seminario pasabidea, Eslava kalea, Pellejerias Zokoa, Frantziako Atea, Guadalupeko bastioia eta Kondestablearen jauregia.

Abenduaren 28an, gainera, “Bumaye!” zuzeneko musikako eta bideo arteko ikuskizuna egongo da Gayarre antzokiko atzealdeko fatxadan, 20.00etatik aurrera. Cabezafuegoren musikak giroa sortu ahala, Beatriz Sanchez multimedia artista eta marrazkilariak zuzenean sortuko ditu irudiak. Collagea, marrazkia, pintura, eskultura eta haren mahaira enfokatutako webcam bat izango ditu oinarri.

Bideo mappinga Ziudadelan

Proiekzioez gainera, erakustaldiaren barruan bideo-mapping bat ere egingo da aurten. Angel Sandimasen animazioa ikusi ahalko da Ziudadelako Arma Aretoko fatxadan, abenduaren 27tik 30era bitartean, 18.00etatik 20.30etara, ordu erdiro.

Obrak “Le souvenir d’Ava” du izena eta denboran eta espazioan barnako bidaia proposatzen du. Aurkezpenean azaldu zutenez, ikuskizunaren protagonistak, Avak, «sekula urruti egon ez den zerbait bilatzen du, nekaezin. Nostalgiak, adiskidetasunak, abenturak eta fantasiak bat egiten dute argi eta soinu ikuskizun honetan, zeinaren bitartez Avaren oroitzapenak bizi diren tokira bidaia egingo baitute ikusleek».

Aipatukoez gainera, “Bestelako argiak” ikuskizunak gazteentzat bertsio bat ere izango du. Oskar Alegria zinemagileak zinema iraungikorreko lantegi bat eskainiko du abenduaren 21etik 29ra bitartean. Txantrean izango da, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, eta bizileku dituzten kaleetan bertan pelikulak sortuko dituzte gero auzotik gertu ezarritako pantailetan (horma zuriak, izarak, publizitate hesiak...) proiektatzeko.

Sorkuntza horiek abenduaren 30ean proiektatuko dira. Lantegirako aurrez izena eman behar da, 948420100 zenbakian.