Andoni ARABAOLAZA
EKIMENA

Eskalada Topaketak 157 ikasle gipuzkoarbildu ditu

Abenduaren 17an, Pio Barojako rokodromoan egin zuten eskaladako ekimen ez-lehiakor hori, Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta. Festa giroan, 5 eta 16 urte bitarteko ikasleek hartu zuten parte.

Gipuzkoako Mendizale Federazioak iaz antolatu zuen lehen aldiz Eskolarteko Eskalada Topaketa. Arrakastatsua izan zen, denera, 162 ikasle gipuzkoarrek hartu baitzuten parte. Joan den 17an, berriz, ekimen honek bigarren hitzordua izan zuen. Eta berriro ere erantzun bikaina izan du; izan ere, 157 ikasle bertaratu ziren.

Topaketak Donostiako Pio Barojako rokodromoa izan zuen “egoitza”. Fortuna Kirol Elkartearekin elkarlanean egin zen, eta ikasleek zein haien gurasoek ez zuten hutsik egin. Hori guztia antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute: «Umeek berezko zaletasuna dute igotzeko, horregatik da eskalada horren erakargarria ume eta gazteentzat. Fortuna bezalako talde gogotsu baten lan bikainari esker, elkartutakoek maila ezberdinetako bideak eta blokeak igoz izugarri gozatu zuten; batez ere, beraien zaletasuna partekatuz. Eta lasai asko esan genezake, beraien haurrek nola eskalatzen zuten ikusiz, gurasoek gozatu zutela ‘gehien’. Horregatik guztiagatik, aitor genezake kirol olinpiko berria den eskaladak Gipuzkoan harrobia bermatua duela».

Lehiarik ez

Topaketa horren helburu nagusietariko bat ere lortu zen. Antolatzaileek argi zuten ekimen hori lehiaketaren kutsutik aldendu behar zela: «157 ikasle paretarekin eta blokeekin indarrak neurtzen ibili ziren; hots, eskalatzeko jarri genizkien proposamenekin eta ez gainerako lagunekin».

Eskaladaren festa 9.00etan hasi eta 13.30era luzatu zen. Fortuna taldekoek proposamen ederrak prestatu zituzten. Erronken artean aipatu behar dira abiadura probatu eta kronometratzeko bi bide atondu zituztela. Zailtasun eskaladari dagokionez, beste hiru bide. Eta blokerako 6 korapilo askatzen saiatu ziren.

Bestalde, antolatzaileek adierazi duten bezala, azpimarratzekoa da hainbat kirol elkartek eta ikastetxek eginiko lana; 157 ikasle elkartzea lortzea ez baita batere erraza. Hauexek parte hartu zuten: Zestoako Agiro Mendi Taldea, Donostiako Orixe eta La Salle ikastetxeak, Lazkaoko Zirkonorte Kirol Elkartea, Azpeitiko Sokaitz Elkartea, Tolosako Usabal Kiroldegiko Eskalada Taldea eta Fortuna Kirol Elkartea.

Amaitzeko, lasai asko esan daiteke ikasleek goiz ederra igaro zutela. Gainera, Izadi Kirolak dendak eta Charko enpresak oparitutako kamiseta bana eta antolatzaileek banatutako diploma oroigarri bana etxera eraman zituzten.