GARA
GERNIKA

Base Gorria komunikazio zentroaren itxieraz jardun dira Bizkaiko Batzarretan

Bizkaiko basozainen komunikazio zentroa zen Base Gorriaren eginkizunak abenduaren 3an amaitu ziren, Foru Aldundiak zerbitzua kanpora ateratzea erabaki eta Zugaztel-en esku jarri ostean.

Bizkaiko Ahal Dugu alderdiko Jose Angel Elgezabal batzarkideak, Base Gorriaren itxierak jada ondorioak dituela adierazi zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran. «Hala nola, basozainei eragiten dien kanpoko indarkeria prebenitzeko moduan». Bere ustez, ez dira errespetatzen ari indarkeriaren prebentzio protokoloa –10 Kodea–. Izan ere, mendi eremu batzuetako estaldura faltaren afera aireratuz, adierazi zuen mugikor bat eta igorgailu bat ez direla gauza bera.

Tentsio uneak eragin zituen gai honek Gernikako Batzarretxean eta Elena Unzueta Jasangarritasun eta Ingurumen diputatuak «bakarrik unitate aldaketa bat» egon dela erantzun zuen tinkotasunez, «Base Gorriak bermatzen zituen zerbitzu guztiak bermatuz».