Estibalitz EZKERRA
HELDUEN LITERATURA

Aldaketaren aurrean

Aldaketa, dela denbora, espazio, testuinguru zein unean uneko egoeraren arabera suertatutakoa, eta hark eragin ditzakeen erantzunak, maiz ezkorrak, dute hizpide Garazi Arrularen “Gu orduko hauek” estreinako lanean bildutako zortzi ipuinek. Bildumari hasiera ematen dion “Lagunero”-k, esaterako, gainerako umeen modukoak ez diren Ainarak eta Asierrek klase barruko zein kanpoko dinamikan duten eragina, hots, ezberdina denaren presentziak eragiten duen aldaketa, azaltzen digu adin bereko neskato baten ikuspuntutik. Gurasoengandik zein irakasleengandik Ainara eta Asier bezalako haurrekin nola jokatu ikasi ez –ulertzen ez duen oro hazitakoan bat-batean ulertuko duelakoan dago, amari behin eta berriro horixe bera entzunda– eta oraindik bere ekintzen ondorioetan pentsatzen ez dakien umeak bezala krudelkeriara jotzen du narratzaileak jeloskeriak eta kidetasun adierazpen nahiak bultzatuta. Azken hori, kidetasunaren negoziazioa aldaketaren aurrean alegia, gai arantzatsua dela eta kontraesanetara eraman dezakeela agertzen du “Etorria”-k. Elkarlanari eta elkartasunari esker estualdi batetik ateratako langile auzo borrokalari bateko bizilagunek beren balioak zein izen ona mehatxupean direla sumatzen dute. Kasu honetan, ordea, erasoa ez dator udaletxetik, hutsik zegoen auzoko etxeetako bat okupatu dutenengandik baizik. Integrazioa eta legalitatea, politikariek gogokoen dituzten hitzetako bi, erabiltzen dituzte justu kontrakoa, hots bazterketa eta kriminalizazioa, aurrera eramateko.

Politika dute, hain zuzen, “Abian” zein “Ederra eta piztia” ipuinek hizpide, hura nola moldatu egiten den desiretara eta gizarte aldaketetara zehazki, ez beti onerako. “Asteazkenak”-en, berriz, denborarekin lagun minarekin duen harremanak izan duen bilakaeraren gainean gogoeta egiten du narratzaileak. “Belar txarrak”-ek ere harremanak ditu ardatz, baina kasu honetan familia bereko hiru emakume belaunaldiren artekoari so egiten dio garaiaren arabera bakoitzari egokitutako bizimodua aintzat hartuta. Belaunaldi arteko gorabeherak berriz azaltzen zaizkigu “Karakaka”-n, oraingoan zahartzaroaren testuinguruan, zein bildumako azken ipuinean, liburuari izena ematen dion “Gu orduko hauek”-en, helduaroan bide ezberdinak harturiko bi ahizpen ikuspuntutik.

Gaiak ez ezik kokalekuak ematen die batasuna “Gu orduko hauek”-eko ipuinei. Istorio ia guztiak Nafarroan jazotzen dira eta, hein handi batean, Nafarroa bera dutela ardatz esan daiteke haren errealitate politiko, ekonomiko eta sozialaren isla diren aldetik. Ipuinotan azaltzen denez, errealitate konplexua da ezbairik gabe, eta “gu” eta “haiek”-en arteko muga zehaztea, “gu” eta “haiek” horiek edozein direlarik ere, ez da kontu erraza. Hain zuzen, irakurlea kanpora ez ezik barrura begiratzera, hots, kritika bezala autokritika egitera bultzatzen dute istorio hauek “garen honi”, bere kontraesan eta alderdi on zein itsusiekin, aurrez aurre begiratzeko. Azken batean, kidetasuna babesteari begira aldaketa orok piztu dezakeen kezka –dela ezberdina denaren, baliaezintasunaren, etorkinaren, okuparen, atzerrira joandako senidearen, edo adinaren itxuran agertzen den aldaketa– ez da talde baten edo pertsona bakar baten kontua soilik, gizarte fenomenoa baizik. Zentzu horretan, denok gara kezka horrek eragin ditzakeen bazterketa mekanismoekin konplize.

“Gu orduko hauek”-eko ipuin guztiek biribiltasun maila bera erakusten ez badute ere, oro har bilduma interesgarri askoa atondu du Arrulak, baita ahots interesgarri bezain indartsuaren jabe dela erakutsi ere. Hurrengoaren zain geratzen gara.