Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Maisuaren zoriontasuna

Aspaldiko isiluneari etena eman dio Ruben Ruizek “Oihartzun isilak” liburuarekin eta oraingoan ere, tarte luzearen ondoren, harritu egin gaitu liburuaren proposamen eta kontakizunarekin. Sarritan aipatu izan da idazleak fantasia idazten duenean ere bere errealitatetik abiatzen dela, bere esperientziatik –erreala nahiz fikzioaren bidez jasoa–, eta liburu honetan horretatik dagoela ematen du. “Oihartzun isilak” gaur egun kokatu arren duela hiru hamarkadako kontuak ditu oinarri. Narratzaileak, lehen pertsonan kontatzen du istorioa, bere amaren abisua jasotzen du: «Hamaika poltsa prestatu dizkizut zure gauzekin», gurasoen etxetik «bere gauzak» eramateko. Eta jakina, «guztia gordetzearen zalea» denez, traste, barka, gauza edo oroitzapen asko daude bere «gauzen» artean. Horietako bat da, hain zuzen, liburu honi oinarria ematen diona: «Zinta bat aurkitu nuen: 1985-1986 ikasturtea. (…) Eskolako kantak, poesiak, ipuinak… Nire lehenengo ikasleei egindako grabazioak». Eta klase hartako ikasleak, eta maisua, dira liburuko kapitulu ezberdinetako protagonistak.

Kapitulu bakoitzean ikasle baten gorabeherak ageri dira, oso estilo sinplean, Anekdotak liburu haren estiloan nahiz eta oraingoan luzeagoak diren kontakizunak. Baina landutako sinpletasunak eta narrazioaren laburtasunak lagungarriak gertatzen dira irakurketa arina egiteko orduan. Horrela, ikasle guztiak, hamabiak, nolakoak ziren jakingo dugu, «Ixone Mutuberria oso neska lotsatia zen (…) asko kostatzen zitzaion hitz egitea. Halere, modu askotan komunika zitekeen: begiekin, eskuekin, gorputzarekin… hori guztia ongi ulertzen jakin behar». Eta ikasle horren hainbat gertakari ezagutuko ditugu, gehienak bere ezaugarriekin erlazionatuta. Ondoren, gaur egun, hiru hamarkada ondoren zertan ari den esaten digu narratzaileak: «Gaur, Ixone, antzezle da. Maila handiko aktore. (…) pailazo talde batean dabil. Haren pertsonaiak ez du hitz egiten (…) Haurrek asko maite dute. Baina tarteka, bestelako antzerki-lanetan ere aritzen da (…) Ixonek ikasi du ahotsa goratzen ikusleek entzun dezaten (…) Oholtzan aldatzen da eta lotsa guztiak alboratzen ditu».

Maisuak klaseko neska-mutiko haiek zer ziren, zituzten ametsak eta zer izan nahi zuten adierazten digu, baita gaur egun zertan ari diren ere… edo ez. Hamabi haietako bat heriok eraman baitzuen.

Ikusi ahal izan den bezala narrazioan ez dago esaldi luzeegirik, ezta hitz edo kontzeptu oso arrarorik ere. Sinpletasun horrek, baina, ez du sinplekeriarik; gustura irakurtzen den, ongi korritzen duen testua baita Ruizen hau. Gainera, liburuarekin gehiago gozatzeko, Maite Mutuberriak ikasle gehienen eta maisuaren irudiak eskaini dizkigu kapituluetan eta liburuaren azalean, aldiz, hamabi ikasleen erretratuak. Barneko irudietan bi kolore erabili ditu, beltza marrazkia egiteko eta beste bat (berdea, horia, urdina,…) berau girotzeko eta atzea betetzeko; hala, bi plano ageri direlarik irudi iradokitzaile bakoitzean.

Liburuaren amaierak itxi egiten du maisuaren, narratzailearen, kontakizuna. Iraganetik orainera etorriz hazitakoak nolako fruituak eman dituen ikusi. Horixe baita irakasle askoren lana, lurrean dauden haziak zaindu, ureztatu, maitatu, txukundu, saiatu belar txarrak kentzen eta ongarria ematen. Eta zure hazi horiek, zure ikasle horiek 30 urteren buruan ikustean irakasleak sentitzen duena kontatzean biluztu egiten zaigu idazlea, maisua: «Bestelako seme-alaba ugari izan dut, Eguzkiñek adierazi bezala, asko. Eta handia izan da haiek gobernatzeko egin behar izan dudan lana, eta izerdi ugari isuri behar izan dut aurrera atera zitezen. Baina, izerdi hori guzti bota izanak, haiengatik isuri izanak, eta haiengatik jasotako guztiak, horrek guztiak, oso zoriontsu egiten nau gaur sakonean, bai».