A. G.
LOINTEK GERNIKA BIZKAIA

Hogei minutu zoragarriri esker, bikain ekin diote bigarren itzuliari bizkaitarrek

SANT ADRIA 52

GERNIKA BIZKAIA 68


Ondo baino hobeto ekin dio Emakumeen Dia Ligako bigarren itzuliari Lointek Gernika Bizkaiak. Femeni Sant Adria talde gogorra da, eta Gernikak bezala, play offak jokatzea da bere helburua. Alabaina, bizkaitarrak kataluniarren gainetik pasa ziren atzo eguerdian, bigarren eta hirugarren laurdenean erakutsitako joko erauntsiari esker. Hogei minutu horietan gernikarren aldeko partziala 21-44 izan zen.

Partidako albisterik txarrena Amaia Gastaminza iruindarrak berriz ere min hartu zuela izan zen. Onena, garaipenaz gain, Juana Molina eta Yaiza Lazaro ordezko jokalariek eman zuten maila. Atsedenaldian Gernika 31-33 nagusi bazen, hirugarren laurdenean Molina eta Lazaroren lanari esker neurketa mila puskatan hautsi zuen: 42-57 hasi baitzen azken zatia.

Defentsako lan azpimarragarria ere egin zuten bizkaitarrek. Belen Arrojo da Sant Adria taldeko saskiratzailerik finena, baina hegaleko andaluziarrak atzo ez zuen puntu bakar bat ere sartu. Zentzu horretan, hegal-pibot postuan Maria Pinak egindako lana ere aintzat hartu behar da. Valentziarra bikain moldatu zen, izan ere, postu horretan nolabaiteko ahulgunea izan zezakeen Gernikak, Gastaminzak min hartu eta Marina Basek hirugarren falta egin ostean.

Hala ere, azken minutuetan Sant Adria 49-60 hurbildu zen. Urduritasuna, baloi galduak –21 orotara– eta bestelako hanka-sartzeak egin zituen Gernikak orduan, baina aldeari eusteko ez zuen arazo handirik izan.