Asier AIESTARAN
PILOTA

Aretxabaletaren lesioa luzerako dela baieztatu da

Markinarrak muskulu dortsala urratua du eta denbora dezente beharko du kantxetara itzuli ahal izateko.

Andoni Aretxabaletari egindako erresonantzia magnetikoak baieztatu egin du aurreko larunbatean Iruñean egin zuen lesioa larri samarra dela. Markinako atzelariak zuntz-etena egin du eskuinaldeko muskulu dortsalean eta, Asegarcek zehaztapenik egin ez badu ere, bizkaitarrak denbora dezente beharko du kantxetara itzultzeko –2 edo 3 hilabete–. Oraingoz, Ibai Zabala izango da bere ordezkoa berriz ere larunbatean Labriten jokatu behar duten partidarako.

Muskulu dortsaleko lesioak ez dira ezezagunak pilota munduan. Olaizola II.a, Martinez de Irujo, Bengoetxea VI.a... Asko dira antzeko lesioak izan dituzten pilotariak eta ia kasu guztietan argi geratu da oso kontuz ibiltzeko kontua dela, erabat osatu gabe itzultzea arriskutsua izan baitaiteke berriz ere leku berean min hartzeko.

Kontuan izan behar da Aretxabaleta Ladis Galarzaren ordezko moduan ari zela Binakakoa jokatzen, Urrutikoetxearen atzelari lanetan, eta jokatutako lau partidak irabazi egin ditu. Ladis bera askoz hobeto omen dago oinean izan zuen lesiotik, korrika egiten hasita eta pilotalekuan egin beharreko entrenamenduei ekiteko prest, baina Asegarceko arduradunek nahiago izan dute Ibai Zabalaren aldeko hautua egin oraingoz.

Lesioa kolpe gogorra da Aretxabaletarentzat, azken urte hauetan arazo fisiko ugari izan ostean maila bikainean jokatzen ari baitzen. Ibai Zabalak ere badaki ongi zer den egoera horretan egotea: «Andonik, neuk bezalaxe, lesio asko izan ditu azkenaldian eta pena handia hartu dut. Niretzat polita litzateke Txapelketan sartzea, baina horrelako albiste bategatik bada, poza ez da berdina», adierazi zuen berriztarrak larunbatean Etxebarrin, Labriten gertatu zena jakinarazi ziotenean.

Izan ere, ez da lesio baten erruz Ibai Zabalak Aretxabaletaren lekua hartu beharra duen lehen aldia. Orain dela hiru urteko txapelketan, esaterako, horixe bera gertatu zen bigarren jardunaldiko partidan, eta Zabalak garaipena lortu zuen Bengoetxea VI.arekin, 22-19, Altuna III.a –hau ere ordezkoa– eta Merino II.aren kontra. Beste atzelari batzuen ordezko ere jokatu zuen Ibai Zabalak urte horretan, eta aurrez titularra izana zen 2013ko ekitaldian.

Untoriak jarraituko du

Gainera, ez dira horiek Bilboko enpresak atzelarien artean dituen arazo fisiko bakarrak. Ander Imaz ere baja izan da asteburuko jardunaldian eskuetako minez dabilelako. Oiartzundarrak ere hobera egin omen du azken egunotan, baina ETBk aurreratu zuenez ez dago itzultzeko prest eta Alvaro Untoriak jarraituko du bere ordezko lanetan datorren igandean Eibarren –errioxarra txukun aritu zen Beotibarren–. Bere adierazpenetan, Ander Imazek argi utzi zuen erabat osatuta ez badago ez dela itzuliko.

Promoziokoa ere, hasteko prest

Promozio Mailako Binakako Txapelketa ostiral honetan hasiko da Tolosako Beotibar pilotalekuan. Enpresek atzo jakitera eman zutenez, zortzi bikotek hartuko dute parte: Asegarceko Peña II.a-Erasun, Bakaikoa-Etchegoin, Gorka-Salaverri eta Agirre-Iturriaga, eta Aspeko Dario-Irusta, Ugalde-Erostarbe, Etxeberria-Jaunarena eta Errandonea-Tolosa. Denek denen aurka jokatuko dute aurreneko ligaxkan, itzuli bakarrera, eta lau onenak finalerdietako ligaxkara sailkatuko dira. Finala apirilaren 1ean jokatuko da erabakitzeke dagoen pilotaleku batean.

Antolatzaileek arau bat ere jarri dute indarrean ordezkoei buruz. Enpresa bakoitzak bi ordezko izendatu ditu –Asegarcek Arretxe II.a eta Urretabizkaia II.a, Aspek Elordi eta Lasa IV.a–, baina ordezko horiek jokatu ezingo balute, hutsunea duen bikoteari partida 22-0 galdutzat emango zaio zuzenean, beste ordezko baten bila ibili gabe, lehen gertatu ohi zen bezala.A.A.