Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen futbola

«Berritzea fitxatzea bezain pozgarria izan zen»

Irene Paredes Paris Saint Germainen dago bigarren denboraldiz eta 2019ra arte bertan segituko du.

Parisen da bueltan Irene Paredes, Gabonetako oporrak etxean eman ondoren. «Azkar pasatzen dira egun hauek», onartu du legazpiarrak eta Paris «urrunegi ere ez dagoen arren», argi dago hori dela bere bizitza berriaren alderik gogorrena, senide eta lagunak nahi bezain maiz ez ikustea.

«Faktura» pagatzeak merezi du, hala ere. Orain dela urte eta erdi Paris Saint Germaini baiezkoa eman zionean, «argi» zeukan «aprobetxatu beharreko aukera» zela eta hilabete hauetan bertan bizi izandako esperientziak bere «erabakia zuzena» izan zela baieztatu dio.

Egokitzea ez zitzaion larregi kostatu, PSGren errealitateak aurretik ezagutu zituen Realarenarekin eta Athleticenarekin zerikusi handirik ez badauka ere. «Desberdina da. Euren artean ere Athletic eta Reala desberdinak dira, baina antzekotasun handiak dauzkate. Euskal taldeek zeozer berezia dutela uste dut. Honek ez dauka zerikusirik. Oso aldagela heterogeneoa da, kanpotar asko gaude. Harremanak ere desberdinak dira, gure artean, klubarekin, ingurunearekin... Lan egiteko era ere bai; han ikasi edo lan egiten dute jokalariek; hemen jokatzeko gaude, hori da gure ogibidea. Eta, noski, jokatzeko modura, entrenatzeko modura ere moldatu beharra duzu».

Hor ere desberdintasunak aurkitu ditu Paredesek. Ez bakarrik talde top batean dagoelako –munduko hamar talde boteretsuenen artean dago PSG–, baizik eta Ligaren mailari dagokionez ere bai. «Hemen ere maila desberdinak daude. Han Bartzelona eta Atletico profesionalak dira eta pixka bat gorago daude; gero Athletic, Real, Levante, Valentzia... daude eta amaitzeko multzo handitxoago bat, talde apalagoek osatua. Eta hemen antzeko gauza bat gertatzen da: bizpahiru talde indartsuago, beste gutxi batzuk maila baxuago batean eta beste multzo bat handiagoa sailkapen erditik behera. Baina, orokorrean, futbol maila hemen altuagoa dela uste dut. Beharbada, Espainiako Ligan teknikoki eta taktikoki jokalariak hobeto prestatuta daude, baina hemen jokoa askoz azkarragoa da, jendea indartsuagoa da... Jokoaren bizitasunean alde handia nabari da».

Baita lan egiteko baldintzetan ere. «Alde horretan ere mailak daude baina, adibidez, talde guztiek dauzkagu belar naturaleko zelaiak», azaldu du. Jarraitzaileen aldetik, berriz, ez du hainbesteko alderik sumatu. «Gainera, ni gaizki ohituta nengoen –oroitu du–. Athleticetik etorri nintzen eta, gainera, azken denboraldia Liga irabazi genuena izan zen; Lezamakoa ezin da beste ezerekin konparatu. Hemen 500 pertsona inguru etortzen dira gure partidetara, baina kontuan hartu behar da ere Parisen zenbat gauza dagoen egiteko, zer eskaintza dagoen, eta gainera kanpoaldean jokatzen dugula». Zenbakia, hala ere, ez da larregi aldatzen gainerako zelaietan. «300 eta 600 pertsona inguru egoten dira».

Hurrengo hilabeteotan emakumezkoen futbolak arlo horietan guztietan hobera egitea espero du atzelariak, hala ere. Frantziak 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa antolatuko du aurten eta Munduko Txapelketa 2019an, eta horrelako gertakizunek eragin nabaria izaten omen dute. «Pixkanaka badoaz ekitaldi desberdinak egiten, giroa pixkanaka berotzen eta nik uste dut hemendik aurrera abiadura hartuko duela. Batez ere, udan, 20 urtez azpikoen txapelketarekin batera, bultzada nabaritzen hasiko dela uste dut».

Zuzenean bizi izango du Paredesek hori guztia, PSGrekin kontratua 2019ra arte berritu baitu, fitxaketa bera baino albiste pozgarriagoa. «Bai, beti esaten da heltzea baino mantentzea dela zailena. Eta aukera eskaini zidatenean sekulako poza hartu nuen», onartu du.

Beste «poztasun» batekin ospatu nahiko luke. Bere esperientzia «ezin hobea» izaten ari den arren, bere lehen denboraldiak Parisen arantzatxo bat utzi zion, Championseko finala Olympiqueren aurka galtzeaz gain, Ligan hirugarren postuan eta aurtengo Championsen ediziotik kanpo geratu baitzen bere taldea. «Gogorra, kolpe latza izan zen. Denon ilusioagatik eta horrelako talde potente batentzat oso gogorra delako kanpoan geratzea», aitortu du. Olympiquek garaiezin jarraitzen duela ikusita –bost puntuko aldea dauka dagoeneko–, Championsera bueltatzea da aurtengo helburua paristarrentzat. Hortik aurrera, amets, eta lan, egitera. «Talde hau talde top bat da. Eta oso gutxi falta zaigu titulu bat irabazteko. Berandu baino lehen lortzea espero dut».

Astea

Derbia. 2018. urtea Lezamako derbiarekin hasiko da Lehen mailan. Lehen itzuliari amaiera emateko, Athletic eta Reala neurtuko dira larunbatean (GOL, 13.00). Gabonetako oporrak amaitu eta gero, atzo bueltatu ziren lanera talde biak.

Golak. Realaren web orriaren erabiltzaileek aukeratu dute dagoeneko 2017. urtean emakumezkoen taldeak sartutako golik ederrena. Nahikari Garciak apirilean Tacuenseri egindako gola suertatu da irabazle. Ligaren web orriaren erabiltzaileek aukera berbera izan dute eta, kasu honetan, Levanteko Charlyn Corralek egungo denboraldiko lehen jardunaldian Madrili sartutako gola izendatu dute urteko onena.

UDG. Atean izandako mugimenduaren ondoren, fitxaketa berri batekin eman dio hasiera urteari Granadillak. Kasu honetan, eta Jordyn Listrok Kanadara itzultzea erabaki duela eta, talde kanariarrak Stefania Vatafu errumaniar erdilaria kontratatu du. 24 urteko jokalaria Clujetik dator eta bere selekzioarekin ere jokatu du.

Erreleboa. Abenduan Jesus Nuñez kargutik kendu eta gero, Madrilek Victor Manuel Fernandez fitxatu du bere aulkian jartzeko. Teknikari berriak talde madrildarreko atezainak entrenatu zituen orain dela urte batzuk eta Rayorekin eta Madrileko eta Azerbaijaneko Federazioekin ere egin du lan azken urte hauetan.

Olympique. Europako txapeldunak berriro ere munduko talde boteretsuena dela erakutsi du. Amadine Henryren itzulera baieztatzeaz gain –azken denboraldia Portland Thornsen eman du–, hiru urte eta erdiko kontratua sinatuz, Morgan Brianen fitxaketa ere plazaratu du. Estatubatuarra Chicago Red Starsetik dator eta 2020ra arteko konpromisoa hartu du Aulasen taldearekin.

Trukea. Utah Royalsen eta Sky Blueren arteko akordioaren ondorioz, Kelley O’Hara jokalari handia eta Taylor Lytle NWSLko talde berrian arituko dira datorren denboraldian eta Shea Groomek eta Christine Gibbonsek, berriz, New Jerseyn jokatuko dute.