GARA
BILBO

Egonkortasuna aldarrikatu dute Artiacheko langileek

Azaroan kontratu amaiera baten bidez «ezkutaturiko» kaleratzea bidegabekotzat jo zuen lan arloko epaitegiak eta enpresako behin-behinekotasun tasa handiari amaiera emateko eskatu zuten atzo langileek.

Galletas Artiach enpresako langile batzordeak ohartarazi zuenez, Adams Food konpainiako lankide baten kaleratzea «ezkutatzen» saiatu zen azaroan kontratu amaiera baten bitartez. Horren harira, atzo Bilboko kaleetan mobilizatu ziren langileak, lan arloko epaitegiak bidegabekotzat jo zuelako kaleratze hori eta, bide batez, «enpresa honetan dagoen behin-behinekotasun handia» salatzeko.

LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek bat egin dute azaroan hasitako mobilizazioekin eta atzoko manifestazioarekin. UGT izan da protestetara batu ez den bakarra, LAB sindikatuko Andres Larrinagak azaldu legez. Bilboko Kale Nagusia zeharkatu zuen 12.00etan abiatu zen manifestazioak, Plaza Eliptikotik Lakuaren ordezkaritzaraino, Confebasken egoitza paretik igarota, eta LABeko idazkari nagusia den Garbiñe Aranburu bertaratu zen.

200 langile inguru ditu Orozkon kokatzen den lantegiak, eta Larrinagak nabarmendu zuenez, «behin-behinekotasuna ez da justifikatzen enpresak daroan mugimenduarekin, egoera onean baitago». Ondorioz, Adams Fooden zuzendaritzapean dagoen multinazionala prekaritatea hauspotzen ari dela salatu zuen.

Zuzendaritzarekin bilera

Arazo hau aspalditik dagoela jakinarazi zuen Larrinagak, hitzarmena negoziatzen hasi zirenetik, alegia. «Duela hilabete batzuetatik hitzarmen kolektiborako irekita dagoen negoziazio mahaian enplegu egonkorra sustatzea lehen lerroko aldarrikapen bat da», adierazi zuen enpresa batzordeak.

Enpresak kontratuen behin-behinekotasuna baztertzen ez duela ikusita, negoziazioa blokeatzen ari dela iritzi diote sindikatuek. Halere, atzoko manifestazioarekin «printzipioz» amaitutzat jotzen dute azaroan aurreikusi zuten mobilizazio egutegia, egunotan zuzendaritzarekin batzea espero baitute. «Negoziazio mahaiko lehendakariak deitu behar gaitu eta hor hitz egiten denaren arabera, mobilizazioekin jarraitu edo ez erabakiko dugu», esan zuen Larrinagak, bozeramaile lanetan.

Bilera horietan egonkortasun batera heltzea eskatuko dute, langileen bizi proiektu «duin eta egonkorra» bermatzen duen enpleguaren alde daudelako.