GARA
ZORNOTZAKO

Timothy Toroitich Zornotzan bigarren aldiz irabazten saiatuko da igandean

Ugandako atleta 2015ean nagusitu zen Jauregibarrian. Iazko hirugarrena, IliasFifa, itzuliko da. Emakumeen proban Imana Truyers da izen propio nagusia.

Aurten, beste behin ere, Zornotzako Nazioarteko Krosak mundu mailako atletarik onenak bilduko ditu. Izan ere, ez ditu alferrik bildu bere historian zehar olinpiar jokoetan edo munduko txapelketan domina irabazi duten ia 50 atleta. Domeka honetan jokatuko da Jauregibarriko barrutian Zornotzako 64. Nazioarteko Krosa. Atzo aurkeztu zuten aurtengo ekitaldia, eta beste behin ere goi mailako proba izan dadin saiatuko dira antolatzaileak.

Ohiko zirkuitua izaki, distantziak ere ohikoak izango dira igandean. Emakumeen senior proba 12.30ean abiatuko da eta 8,7 kilometro bete beharko dituzte parte-hartzaileek. Gizonezkoen lasterketa, berriz, 13.15ean abiatuko da eta hauek 10,7 kilometroko ibilbideari egin beharko diete aurre.

Aurten, bestalde, irabazle berriak izango dira, iazko garaile Nguse Amlosom eritrearra eta Jessica Martin britainiarra ez baitira Zornotzan izango. Dena dela, Jauregibarrian irabaztea zer den badakienik azalduko da. Hala, 2015ean txapeldun izatea erdietsi zuen Timothy Toroitich ugandarra parte-hartzaileen artean izango da. Baita ere iaz hirugarren postuan amaitu zuen Ilias Fifa, edota Amos Kirui, Ayad Lamdassem, Abdelaziz Merzogui edo Nassim Hassaous, besteak beste. Emakumeen lasterketa nagusiko izen propioen artean, berriz, Imana Truyers belgikarra, Trihas Gebre, Teresa Urbina edo Zulema Fuentes Pila aurki ditzakegu.

Jauregibarriko zirkuitua erreferentea da atletismo munduan, eta Europako Atletismo Federazioaren egutegiaren barruan dago, baita Espainiako, Euskadiko eta Bizkaiko federazioen egutegietan ere. ANOC erakundearen (kros antolatzaileen elkartea) egutegian ere hantxe dago. Probak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Zornotzako Udalaren beraren laguntza du. Nazioarteko probak zuzenean eskainiko ditu ETBk.

Gainerako probak

Zornotzako Nazioarteko Krosak guztira 11 proba izango ditu, seniorren lasterketak barne. Alabaina, goiztiarrenak infantil-kadete, alebin, junior eta gazte mailakoak izango dira, goizeko 9.40etik aurrera ariko dira-eta korrika.

Horien ondoren, bigarren urtez jarraian, 1,9 kilometroko lasterketa paralinpikoa jokatuko da. Gero, 4,7 kilometroko herri lasterketa egingo da, gura duen orok parte hartzeko zabalik, ez baita beharrezkoa izango federatuta egotea.

Alimco-Runningfiz

Bestalde, atzo aurkeztu zuten Gasteizen Arabako atletarik onenak elkartzen dituen Alimco-Runningfiz taldea. Ivan Fernandez eta Elena Loyo atletak aitabitxi dituela, 26 korrikalari federatu ditu klub berri honek –iaz baino hamar gehiago–, tartean Martin Fiz bera, Marc Hurtado, Siann Robertson, Pilar Moran edo Urko Herran lako atletak.

Talde honen xede nagusia kros, pista eta errepideko probetan bidea zabaltzea da, eta sexuen arteko parekidetasuna ere bilatzen dute; egun Alimco-Runningfiz taldea osatzen duten 258 atleta herrikoietatik %40 emakumeak dira.