GARA
GASTEIZ

Ikerketa polizialak aurrera egin arte Barcenaren bilaketa lanak eten dituzte

Ertzaintzak Urrunagako urtegiaren ingurua aztertu zuen atzo eta ez zuen aztarna gehiagorik aurkitu. Ura ere arakatu dute. Paraje horretan agertu ziren Berrizko 19 urteko gaztearen giltzak eta kartera, baita mendira eraman zituen arropak, botak eta motxila ere.

Ertzaintzak atzo arratsaldeko lehen orduan amaitutzat eman zituen Jon Barcena aurkitzeko Urrunagako urtegiaren inguruan egiten ari zen lurreko miaketa lanak. Horrekin batera, joan den larunbatetik desagertuta dagoen Berrizko gaztea aurkitzeko ikerketa etetea erabaki dute ikerketak aurrera egin arte.

Ertzaintzaren erreskate eta sorospen zerbitzuek lurreko eta urpeko miaketa lanak egin zituzten Urrunagako urtegian, 19 urteko gazteak desagertu zenean soinean zeramatzan hainbat gauza eta jantzi inguru horretan agertu ondoren.

Gaurko egunean zehar urtegiaren gainazala aztertuko dute noizean behin bertaratuz, baina «ikerketa polizialak aurrera egin arte» ez diete bilaketa lanei berriro ekingo. Lortutako aztarnak lotu behar dituzte orain.

Kronologia

Abenduaren 30ean Jon Barcena lagun talde batekin abiatu zen Gorbeia mendira. Muruako harrobian autoa utzi ostean hasi zuten ibilaldia. Bide erdian zegoela, atzera egiteko erabakia hartu zuen eta ordutik ez dakite non dagoen. 19.00 aldera eman zuten desagerpenaren abisua SOS Deiak-era deituz, eta bilaketekin hasi ziren berehala.

Bere sakelako telefonoak seinalea galtzen duen lekuan kobazulo ugari daude eta inguru horren miaketa azkarrago egiteko, Poliziak laguntza eskatu zien herritarrei. Bi egunetan mendizale mordoxka elkartu ziren. Desagertuaren bila atera ziren 600 pertsona inguru, larrialdi zerbitzuko profesionalen eta boluntarioen artean.

Lehenengo egunean aztarnarik aurkitu ez, eta bigarren egunean Gorbeiako bilaketa lanak bertan behera gelditu ziren Segurtasun Sailak gaztea mendian ez zegoela zioten arrastoak aurkitu zituztela jakinarazi ostean.

Izan ere, gaztearen argazkia sare sozialen bidez zabaldu ondoren, pertsona batzuek mendi eremutik kanpo ikusi zutela adierazi zuten. Ostegunean, gainera, Legutioko Urrunagako urtegiaren inguruan gaztearen ondasun batzuk aurkitu zituzten; hasiera batean haren giltzak eta kartera agertu ziren, eta ondoren desagertu zen unean jantzita zuen arropa eta botak, eta bere motxila.

Aztarnak lotzen saiatzen ari da Ertzaintza, baina hipotesi guztiek zabalik jarraitzen dute: «Galduta dagoela, borondatez joan egin dela edo zorabiatu eta orientazioa galdu zuela», aipatu zuen Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak.