Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Mugetara mugatu ez!

Bai, eta zer? 2018an gara eta zer? Egunen segida baino ez; 2017ko zaharrak 2018ko berri, baina erronka berak, noiz gauzatuko zain. Joanak dira behingoz hitz hutsalen zorion egunak, politikan mamirik apenas duten azaleko albisteenak… eta ohiko normalkerian gaude ostera, izkinako zakarrontziek lehengo itxura hartu dutela. Joanak dira ere erregeak, betiko gameluak hemen utzita; portzierto, monarkiek daukaten txarrena ez dira monarkak berak, monarkon inguruan atxikian diren pajeak, horiexek minbizi! Hamaika peaje ordaintzeko beti prest! Amen.

Tira, urte berriaren harira! Bilboko kale nagusiak prest daude 0 Km erronkari beste behin ere eusteko. Sagardotegiak prest mahaiak zabaldu eta txotx egiteko. Legebiltzarrean autogobernu-ponentzia prest txostena egiteko; ikusi beharko horko mahaian zer km-ko apustuak egiten diren. Estatus politiko berriaren definizioan nahi omen da aurrera pausoak eman; aurrera pausoak onak dira bertsolarien atzekoz aurrerako bidean ematen direnean, azken batez helburuak markatzen baitu helbidea; alderantziz eginda atzera pausoak izango lirateke. Horretara, beraz, definizio beharra.

Hortaz, ponentzia-kideren baten esanetan, erregeen desfilearen zurrunbiloan, balizko estatus berri batek «posible dena» izan behar du muga, konstituzioz, hori esatean gorputza, arima barne, 400 km-ra jarrita. Mon Dieu! Hau akabua! Politika posible denaren artea dute horiek; esan barik doa posible dena euren konstituzioak mugatu zuela behin betiko, eta akabo! Amen.

Gogoan daukat filosofo frantziar jator batek politikari emandako definizioa; hots, jendea bere arazoez ez kezkatzeko artea. Bada, bada garaia politika gaur posible ez dena bihar posible egiteko artea izateko, eta gerokoak geroko. Ez gaitezen mugetara mugatu! Bizi bedi politika!