Battitte Ducassouk bigarren zatian erabaki du finala
Ospitalek ere Superprestigioko final oso ona egin zuen, eta lehen zatianirabazten zihoan, baina gero faboritoak hartu zuen finaleko agintea.

DUCASSOU 40
OSPITAL 34
Ez zen ezusterik izan Berezkoen Superprestigioko finalean, eta Battitte Ducassouk txapela jantzita amaitu zen finala. Hasi aurretik ere zaleek garbi zuten zeinek irabaziko zuen, dirua 100-50 baitzegoen haren alde, baina gero asko sufritu behar izan zuen irabazteko.
Ospitalek lotsarik gabe eta galtzeko gutxirekin ekin zion finalari, eta lehen zatian markagailuan aurretik ibili zen. 0-5 hasi zen agintzen, eta 21na berdindu zuten arte bera izan zen une oro aurretik. Bigarren zatian, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren, Ducassouk ere bere maila eman baitzuen.
Neurketa 26nako berdinketarekin apurtu zuen. Hor, gero txapela jantzi zuen Battitte Ducassouk 5-1eko partziala jarri zuen markagailuan, 31-27 aitzineratuz, eta zulo hori handitu egin zen. Partidako azken hamarkadara biak ere nekatu samar iritsi ziren, ordura arte asko jo baitzuten, eta Ducassouk ez zuen barkatu. Ospital saiatu zen aurkaria estutzen, eta 36-32 ere jarri zen, baina gero txapeldunak neurketa amaitu egin zuen, Ospitali aukerarik eman gabe.
Finalean Ducassouk espero zena egin zuen. Pilotari ikaragarria da eta bera menderatzeko asko jokatu beharra dago. Pilotari oso erregularra da, eta oso pilota gutxi galtzen ditu. Atzo lau besterik ez zituen galdu, eta hori amaieran beti nabaritzen da. Markagailuan atzetik joateak ere ez dio gehiegi eragiten, beti jarraitzen baitu lanean.
Ospitalek ere partida ona egin zuen, baina aurkariaren erregulartasun hori falta izan zitzaion. Ducassouk baino tanto gehiago egin zituen, baina galdu ere gehiago galdu zituen, eta hor joan zitzaizkion txapela eskuratzeko aukera guztiak. Hala ere, txapelketa bikaina egin du, Larralde bera ere kanpoan utziz, eta garbi utzi du Buruz Burukoan ere bera oso kontuan hartu beharko dela.
Buruz Burukoa
Bitartean, Buruz Burukoan bigarren kanporaketak jokatzen hasita daude, eta gaur amaituko dira Donibane Garazin. Ostiralean, Arrangoitzen, Lehen Mailako partidan Ezkurrak 40 eta 32 irabazi zion Elgarti. Urruñarrak oso partida ona egin zuen, eta urteetan aurrera badoa ere, kalitatea hor dagoela erakutsi zuen. Bigarren Mailakoan, berriz, 40 eta 27 hartu zuen mendean Iturbek Oltzomendi.
Gaur Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko dira partidak, eta Lehen Mailako kanporaketan Ximun Lanbert eta Gixandut izango dira aurrez aurre. Azken hau izango da irabazteko faboritoa. Bigarren Mailakoan, berriz, Cubiatek Lukuren aurka jokatuko du. Jaialdia 16.00etan hasiko da.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
