Javier Mendez Pesako gidaria oroitu eta istripua gaitzetsi dute lankideek
Pesako langile batzordeak deituta, 150 bat lagun bildu ziren atzo Arrasaten elkarretaratzean, joan den ostegunean Aretxabaletan hildako Javier Mendez autobus gidariaren senideei babesa adierazi, eta motorzale baten heriotza ere eragin zuen lan istripua salatzeko.

Arrasateko Laubide plazan zabaldutako bi pankartaren atzean, Javier Mendez Pesako gidariaren lankideek haren senideei elkartasuna erakutsi nahi izan zieten. Joan den ostegunean galdu zuen bizia lanean ari zela, GI-627 errepidean gertatu zen istripuan, Aretxabaletan, Mendezek gidatzen zuen autobusak eta motorzale batek elkar jo zutenean. Kolpearen ondorioz, bi gidariak hil ziren, 44 urteko Eskoriatzako autobus gidaria eta Juan Carlos Pizarro 36 urteko motorzale arrasatearra.
Atzo elkarretaratze isilean egon ziren ordu erdiz Mendezen kideak, Pesako langile batzordearen deiari erantzunez. Bertan ELA, LAB eta UGT daude ordezkatuta. Beste sindikatu batzuetako lagunek ere parte hartu zuten mobilizazioan, Arrasateko EH Bilduko eta Baleikeko eta Irabaziko Debagoieneko ordezkariekin batera, Goienak jakinarazi zuenez.
LABek urtea hasi eta laugarren egunean jada langile bat hil dela salatu zuen, eta erantsi zuen gidariek beren lanaldian izaten dituzten trafiko istripuak ez direla estatistika ofizialetan lan istripu gisa agertzen. Hortaz, ikerketa Ertzaintzari egokitzen zaio eta ez Osalani. Horren ondorioz, sindikatuak azaldu zuenez, ez da lan istripuen aurre-txostena egiten eta ez dira behar diren prebentzio neurriak hartzen.
Ertzaintza lekuko bila dabil, autobusaren eta motorraren aurrez aurreko talka nola gertatu zen argitzeko.
Sindikatu abertzaleen datuen arabera, 2017a 54 hildako langileren balantze tragikoarekin itxi zen. Zifra izugarri hori lan prekaritateari eta prebentzioan ez inbertitzeari egozten diote.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
