GARA
MADRIL

Epaiketa amaituta, 50 lagunak sententziaren zain

Gazte Danbadako ekitaldi bategatik auzipetu zituzten Ernaiko gazteek, epaiketan bertan, Segiko kide batzuen espetxeratzea salatzeko ekintza egin zuten. Keinu hori desordena delitutzat jo zuen Murillo epaileak.

Astelehenean hasi zen epaiketa, sei egunean burutuko zela aurreikusita, baina atzo eman zuten amaitutzat, eta 50 auzipetuak sententziaren zain geratu dira, Topatu.eus atariak ezagutarazi zuenez.

2013an Ernaik Urduñan egin zuen Gazte Danbadan, ekitaldi nagusian Xabier Lopez Peña presoa espetxean hil izana salatu zuten. Hori dela eta, fiskaltzak eta AVT elkarteak terrorismoari gorazarre egitea leporatu zieten Ernaiko zortzi kideri. Bestalde, 2015ean Segi antolakundearen aurkako epaiketan zazpi gazte espetxeratu zituzten. Hala, hori gaitzesteko Ernaiko auzipetuek beren epaiketa abiatu zenean aretoan bertan protesta ekintza bat egin zuten. Akusatuek kartzelatuen argazkiak eraman zituzten, eta publikoak gazteak babestu zituen herri harresi bat irudikatuz. Hori dela eta, akusatuei zein publikoari desordena delitua egotzi zieten.

Hiru urteren ostean izan dute epaiketa. AVTko abokatu batek deklaratu zuen publikoko jendea oihuka hasi zela eta aulki gainera igo zirela. Defentsak, ordea, adierazi zuen ezin dela argudiatu publikoko pertsona guztiek txalotu zutenik eta, beraz, guztien absoluzioa eskatu zuen, «eragozpena ez zelako larria izan eta ez dagoelako frogarik». Fiskalak, hala ere, eskaerei eutsi die eta bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat.