Amaia U. LASAGABASTER
Lehen maila

Galderak erantzunen zain

Athleticek noraino hel daitekeen ikusi nahi du bigarren itzulian; Realak, berriz, irregulartasunaren mamua uxatu du.

Urte berriaren hasierarekin batera, lehen itzuliaren amaiera heldu da Lehen Mailara. Ustekabe batzuk, hainbat sufritzaile eta txapelketa irabazteko bi faborito nagusi utzi dituzten hamabost jardunaldi.

Aurrenekoen artean, igo berrien ibilbidea deigarria da, batez ere Kopako postuetatik gertu-gertu dagoen Madrilena; baina baita hirugarren postuari indarrez eutsi dion Athletic «gaztetuarena», sekulako gorabehera bizi izan duen Realarena edo Bigarren Mailaren mehatxupean dagoen Zaragoza «klasikoarena» ere.

Ez dago sorpresarik, berriz, hirugarren puntuari dagokionez. Azken urteotan apustu ekonomiko handiena egin duten taldeek, profesionalizazioa guztiz burutuz, euren nagusitasun teorikoa zelaian islatu dute. Joan den urtean gertatu zen bezala –eta gauzak ez badira aldatzen epe motzean gertatzen jarraituko duen bezala–, biren arteko duelua da tituluaren borroka; lau urtez jarraian irabazi zuen Bartzelonaren eta pasa den ekainean lehen aldiz eskuratu zuen Atleticoren artekoa, hain zuzen ere. Porrot bana –gorri-urdinek Tenerifen, eta Rayoren kontrako derbian madrildarrek– eta berdinketa bakarra –beraien artekoa– sufritu ondoren, zazpi puntuko abantaila pilatu dute jada hirugarren sailkatuarekiko –Athletic, hain zuzen– bigarren itzuliko emozioa euren arteko borrokara mugatuz. Itxia. Izan ere, eta Madrilen jokatutako neurketa ere berdinduta amaitu ondoren (1-1), gol aldea da (golaveragea) talde biak desberdintzen dituen gauza bakarra. Bartzelonaren aldekoa, argi eta garbi, Jenni Hermosok udan alde egin bazuen ere, talde katalanaren fitxaketek botere ofentsiboa mantentzen lagundu baitiote: 57 sartu ditu lehen itzulian (3’8 partiduko), Atleticok baino hogei gehiago. Eta bost besterik ez jaso, indarrean den txapeldunak baino bat gutxiago.

Beraien zenbakiek, aurrekontuekin gertatzen den bezala, ez dute zerikusirik gainerako taldeenekin. Eta, halere, badago oraindik hautagai gehiago ikusi nahi duena. Interesa duelako, beharbada, edo lehen itzulian ikusitakoak atea guztiz ixtea galarazten diolako. Izan ere, denboraldiaren lehen zatiaren «ustekaberik handiena emaitzak izan dira», Ainhoa Tirapuren ustez. «Azken urteotan emaitza ‘logikoak’ izaten ziren, partida jokatu aurretik argi zenuen gutxi gorabehera zeinek irabaziko zuen. Baina aurtengo sentsazioa da edozein emaitza izan daitekeela edozein partidatan. Ez da hain erraza aurretik apusturik egitea. Eta horrek txapelketari puntu politago bat ematen dio».

Athleticeko atezainak onartzen du, halere, «aurreko biak oso indartsuak» direla, «gainerakoontzat oso zaila da haien erritmoari jarraitzea, oso akats gutxi egiten dutelako. Baina ezinezkoa denik ere ez nuke esango. Alde batetik, komentatu dizudanagatik, maila orokorrean igo denez partida guztietan dagoelako ezusteko emaitzaren bat ikusteko aukera; eta bestetik, guri dagokigunez, oso ondo sentitzen ari garelako. Zazpi puntuko aldea ez da txikia, baina puntuak, partidak, galdutzat edo irabazitzat jo aurretik, jokatu egin behar dira».

Emaitzak, jokoa baino hobeak

Ez da harritzekoa Tirapuren baikortasuna. Aurreko denboraldian dexente sufritu ondoren, Athletic gustura aritu da berriro ere. Pentsatutakoa baino gehiago, onartzen du nafarrak.

«Egia da, ez genekien oso ondo nola ibiliko ginen, taldea dexente aldatu baita, jokalari garrantzitsuak joan ondoren. Eta ikusten duzu, gainera, taldeek fitxaketa handiak egiten dituztela, hainbat atzerritar... Baina ondo gaude. Beharbada joko aldetik ez hain ondo, baina emaitzen aldetik bai. Eta beharbada ez genuen espero baina behin honelako egoera batera helduz gero... aprobetxatu eta tinko jarraitu behar da».

Zein izan daiteke saria? Auskalo. «Ikusiko da. Aurrekoak harrapatu baditzakegu askoz hobeto, baina hirugarren amaitzea ere lorpen ederra izango litzateke», dio. «Egia da aurreko biek bakarrik dutela sari ‘ukigaia’, titulua eta Championserako txartela, baina guk beste sari batzuk estimatzen ere badakigu. Liga honetan, gero eta potenteagoa dena, 60 atzerritar dituena, gure filosofiarekin lehiatzeko gai izatea eta atzekoei zazpi puntutik gorako abantaila ateratzea oso pozgarria da. Gainera, azken Liga irabazi aurreko urteotan, garaipen bakoitza eta lorpen bakoitza disfrutatzen eta baloratzen ikasi dugu. Eta horretan gaude, lehiatzen eta poztasunekin disfrutatzen. Horrek gainera saria badakar, askoz hobeto».

Aukera hori ez du guztiz baztertzen Mariasun Quiñonesek ere. Izan ere, Realeko atezainaren ustetan, Athleticen ibilbidea da lehen itzuliaren ustekabe handienetarikoa. «Goraipatzekoa da egiten ari dena. Hainbeste jokalari garrantzitsu galdu eta gero, hain maila onean ibiltzea... Liga erdian hirugarren postuan egoteak, 33 punturekin, argi uzten du zein ona den egiten ari diren lana», dio irundarrak. Quiñonesek, halere, ez die postua hobetzeko tarte handiegirik ikusten zuri-gorriei: «Bartzelona eta Atletico beste maila baten daudelako. Sekulako jokalariak dituzte eta gainera taldean barneratzea lortu dute, jokalari onak edukitzeaz gain, talde onak dira, ondo jokatzen dutenak. Argi dirudi Liga berriro ere beraien artean lehiatuko dela».

Zapore gazia

Gipuzkoarrari benetan inporta zaion borroka, ordea, beste bat da. Inporta eta arduratu, denboraldiaren bilakaera aurreikuspenetatik oso urrun baitago. Realaren sailkapena –11., jaitsieratik gertuago Kopako postuetatik baino– eta are okerragoa izan da orain dela gutxira arte, zuri-urdinek historiako denboraldi hasiera kaxkarrena egin ondoren. Zazpi porrot jarraian sufritu ondoren egoerari buelta emateko ahalmena ez da gauza txarra, baina ez du lortu zapore mikatza guztiz estaltzea.

Ez, gutxienez, Quiñonesen kasuan. «Egia esan, ez. Azkenaldi honetan egindakoarekin apur bat apaindu dugu, eta egungo egoera ikusita denboraldia ez da hain txarra. Baina ez da nahi dugun modukoa eta ezin dugu egindakoa ahaztu. Onerako, positiboa delako putzutik irteteko erakutsitako ahalmena, baina baita txarrerako ere, azken batean zazpi partida jarraian galdu genituelako. Lehen buelta oso gazia izan da», esan du. Eta oraindik ez dauka argi zergatik, «taldeak oso ondo egin duelako lan hasieratik. Eta lehen partidetan, Valentzia, Atletico eta Bartzelonaren aurkako horietan, galdu arren joko aldetik nahiko kontent irten ginen. Baina punturik ez genuen, porrot gehiago heldu ziren... Ondo egiten genuen lan baina gero entrenamenduetako lan intentsitatea eta erritmoa ez genituen islatzen partidetan. Lortu dugun unean, gorantz egin dugu». Gorakada hori, hain zuzen, ez du lotu nahi Juanjo Arregiren kargugabetzearekin, «ez litzatekeelako bidezkoa izango. Izan ere, bera joan aurreko aste horretan ere nabaritu zen gauzak aldatu zirela, taldea desberdin zegoela. Orain Gonzalorekin ere asko ikasten ari gara eta argi dago aurrerantz joan garela. Ikusiko dugu jarraitzeko gai ote garen».

Galdera horri egutegiko zatirik gogorrenak jarriko dio galdera ikurra hurrengo asteotan, berriro ere hurrenez hurren Valentzia, Atletico eta Bartzelonaren aurka jokatu beharko baitute donostiarrek. «Partida garrantzitsuak izan daitezke», Quiñonesen ustetan, «bigarren itzulia pixka bat markatuko dutenak». Realak lehen itzulian baino hobeto egingo die aurre, «orain baieztatu dugulako jokatzeko, lehiatzeko eta irabazteko gai garela. Ea partida hauetan ere gure indarrak eta abileziak azaleratzea lortzen dugun eta bigarren itzulia egonkorrago borobiltzea lortzen dugun».

Astea

Jardunaldia. Realak emango dio hasiera 16. jardunaldiari. Txuri-urdinek Valentzia bisitatuko dute larunbatean (10.45, BeIn La Liga). Athletic, bere aldetik, Santa Teresaren aurka arituko da Lezaman, igandean (12.00).

Bigarren Maila. Asteburuko elurteak direla-eta 15. jardunaldiko hiru partida utzi zituzten bertan behera: Aurrera-Pradejon, Osasuna- Oiartzun eta Mulier-Añorga. Aurreko hirurek irabazi zuten eta sailkapenaren goialdean jarraitzen du EDFk, hiru puntuko abantailarekin Athletic B-rekiko eta Eibarrekiko.

Fitxaketak. Europako bigarren txapeldun bat arituko da Ligan, Valentziak Mandy Van den Berg Holandako kapitaina fitxatu baitu. Santa Teresara heldu da, bestetik, Yamila Rodriguez aurrelari argentinarra.

Saria. Asisat Oshoala nigeriarra hirugarren aldiz izendatu dute urteko jokalaririk onena Afrikan. Taldekako sariari dagokionez, Hego Afrikako selekzioak eskuratu du.

Aldaketa. Kanadako emakumezkoekin sei urtez lan egin ondoren, gizonezkoen selekzioa entrenatuko du hemendik aurrera John Herdman ingelesak. Orain arte bere laguntzailea izandako Kenneth Heiner-Moller danimarkarrak hartu dio Herdmani lekukoa emakumezkoen aulkian.

Gol. Golek Ligako gol onenak sarituko ditu hemendik aurrera. Abenduari dagokionez, Patri Guijarrok (Bartzelona) Rayori sartutakoa aukeratu dute. Hileroko sariez gain, telebista kateak denboraldiko jokalari, entrenatzaile eta gol onenak ere izendatuko ditu Liga amaieran.

Mexiko. Estreinako Aperturakoa arrakasta osoz amaitu ondoren, Clausura Txapelketa hasi da orain. Chivas txapeldunak Queretaron berdindu eta Pachuca txapeldunordeak Veracruzen galdu zuen.

Frantzia. Olympiquek Claire Lavogez utzi dio Fleuryri denboraldi amaierara arte. Laura Georgesek, bere aldetik, PSG utzi eta Municheko Bayernekin sinatu du bi urtetarako kontratua.