Kamioilari bat hil da Oiartzunen, kabinaren eta atoiaren artean harrapatuta
Ezbeharra asteazken goizaldeko 05.45ean gertatu zen, AP-8ko Oiartzungo zerbitzugunean geldituta, kamioia aztertzen ari zen bitartean. Larrialdietarako zerbitzuak bertaratu zirenerako gidaria hilda zegoen.
Kamioilari bat hil zen atzo goizaldean Oiartzunen, bere kamioiak harrapatuta. Ezbeharra 05.45ean gertatu zen AP-8 autobidean, Bilborako norabidean, Oiartzungo zerbitzugunean geldituta zegoen ibilgailuan.
Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, ezbeharra gertatu zenean kamioilaria bere ibilgailua aztertzen ari zen, kabinaren eta atoiaren artean zegoen elementuren bat, alegia. Une horretan kamioia mugitu eta harrapatuta geratu zen. Larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren, baina ordurako errumaniar nazionalitateko gizona hilda zegoen.
Ezbehar honen harira, Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkura minutu bateko isilunearekin abiatu zuten.
2018. urtea hasi denetik bi langile hil dira jada lan istripuen ondorioz. Aurrenekoa, GI-627 errepidean izan zen. Autobus baten eta motor baten artean izandako istripuaren ondorioz bi gizonek galdu zuten bizia. Bata, 44 urteko Javier Mendez autobus gidaria zen, eta bestea, 36 urte zituen Juan Carlos Pizarro motorzalea.
Bihar elkarretaratzea
Gehiengo sindikalak, Oiartzunen hildakoaren senide eta lagunei doluminak eta elkartasuna adierazteaz gain, sektorearen prekaritatea salatzeko elkarretaratzera deitu du biharko, 11.30ean, AP-8ko Oiartzungo zerbitzuguneko gasolindegi parean, Bilborako noranzkoan.
LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek sinaturiko oharrean salatzen dute garraiolarien lan istripuak maiz ez direla estatistika ofizialetan kontuan edukitzen, «errepide istriputzat jotzen baitira».
2017. urtean lan istripuetan 53 langile hil zirela zehazten dute, «horietatik 8, garraiolariak. Eta aurten, 10 egunetan, jada bi langile hil dira». Era berean, azpimarratu dute garraiolarien eskubiderik eza nabaria dela eta lana mantentzeko hainbeste muturreko egoera jasan behar izaten dituztela, «hala nola, kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lanegun luzeak eta atsedenik eza».
Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute Europako herrialde askotan hartzen ari direnen antzeko neurriak hartzea.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
