Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren profilak

Maria lagunak alimaleko trebezia du etxeko leihoan paratuta, eroso eserita eta talaiak ematen dion kalearen ikuspegi zabalarekin, jendea aztertu, interesgarria iruditzen zaion pertsonaren profil orokorra egin eta protagonistaren eginkizun asmatua kalkulatu ohi du balizko filmaren gidoi biribila gauzatuz bere buruan. Kontzeptu psikogeografikoa osatuko du buruz eta pertsonaiarekin “dérive” debordarra irudikatuko du. Ikusgarria da Mariak duen gaitasuna istorioak sortzeko, protagonisten pentsamenduak garatzeko, profilak perfekzionatzeko.

Harmailadiak toki paregabea eskaintzen dit. Jende-oldea gora eta behera. Maria buruan dudala, eta haren antzera, Debord-en “dérive” bat egingo dut, “dérive” musikala. Hiru pertsona arras desberdinak ikusi ditut entzungailuekin eta hiruren profilak arrapaladan pentsatu ditut.

Bat Delorean taldearen Mikel Laboa entzuten ari da. Gazteak ez du gozamen aurpegirik, harridura eta etsipena. Delorean gustuko du. Laboa? Zeresanik ez! Baina ez du igarri inondik. Ezta Delorean ere. Hau kafesnea! Ez kafe, ez esne. Delorean taldearen esperimentazioak beteko zuelakoan, musu-huts utzi du. Laboari egindako zorrak ez dira honekin ordaintzen.

Glaukoma zekarren bigarrenak, kantuan zetorren, hip hoparen erritmoan, garai bateko The Last Poets datozkio burura. Ez da txantxetarako alderaketa euskal errima-zaleentzat. Irribarrea aurpegian. eMe, eta ez M-ak. Laugarren kantua bukatu ondoren, laugarrena sakatu du berriro. Femme fatale itxura ahotsean, eMe taldearen musika hor kokatuko luke, baita gainerako kantuetan ere.