GARA
OIARTZUN

Kamioilarien prekaritateaz ohartarazi dute sindikatuek

Euskal gehiengo sindikalak eta CCOOk elkarretaratzeak egin zituzten atzo Oiartzunen, asteazkenean lan istripuan hildako garraiolaria gogoan hartu eta sektorearen lan baldintza prekarioak salatzeko.

Asteazken goizean kamioilari bat hil zen bere ibilgailua aztertzen ari zen bitartean. AP-8ko Oiartzungo zerbitzugunean, Frantziarako noranzkoan, geldituta zegoen gidari errumaniarra, eta kabinaren eta atoiaren arteko elementuren bat begiztatzen ari zela kamioia mugitu eta harrapatuta geratu zen.

Lan istripua salatzeko, euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin zuen zerbitzugunean bertan –Bilborako norabidean–, bide batez sendiari doluminak eman eta garraiolarien lan baldintza prekarioez ohartarazteko. Gainera, halakoak askotan errepide istripuen zerrendan sartzen direlako kexatu ziren.

CCOO Oiartzungo udaletxearen aurrean mobilizatu zen.