2018/01/13

Mito bihurtzea merezi du

Euskal kantagintza berriari hauspoa eman zion besteak beste Ez Dok Amairu-ren bidez; txalaparta hauts artetik atereaz instrumentu garaikide bihurtu zuen; eta euskal literaturaren sortzaile berritzaileenetako bat izan zen poetikari dagokionez. Bide urratzaile, mito eroale. JoxAnton Artze hil da.

Ariane KAMIO|DONOSTIA
0113_kul_artze

Laino guztien azpiko eta sasi guztien gaineko izandakoa, erdibide distiratsuan kokatutako sormen iturri berritzaile eta urratzailea. Garaikidea eta mistikoa era berean. «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik»; “Txoria txori”; txalaparta... 78 urterekin hil da euskal kulturaren memoria kolektiboan aspaldion iltzatutako ereserki poetiko, musikal eta nortasunezkoaren sortzailea. JoxAnton Artzeren (“Hartzut”) ibilbideak aski ongi merezi ditu errekonozimenduzko eta oroimenezko hitz bi.

Usurbilen munduratu zen 1939ko apirilaren 6an. Batxilergora arteko ikasketak amaituta, Britainia Handirako bidea hartu zuen eta gaztaroko urte batzuk eman zituen atzerrian. Itzulitakoan, 60ko hamarkadan, egungo euskal musikagintzaren iturburua izango zenaren sorreran parte hartu zuen. Ez Dok Amairu kantagintza berriarekin bat jaiotako taldea eragin zuen Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Jose Anjel Irigarai, Benito Lertxundi, Julen Lekuona, Nestor Basterretxea, Jorge Oteiza eta Jexux Artze anaiarekin batera. “Baga biga higa” ikuskizuna osatu zuten. 1969a zen. Euskal kantagintza eta kultura, oro har, susperraldi aroan zen. Eta JoxAnton Artze ez zen soilik Ez Dok Amairuren mugetara neurtu. Ordura arte ia ezezaguna zen txalaparta berreskuratu zuen bere nebarekin batera. 69 hartan bertan, esaterako, Rikardo Arregi pentsalari eta ekintzaile andoaindarrari eskainitako herri mezan erabili zuten bi anaiek instrumentu hura. Askorentzat lehen aldiko entzunaldia izango zen. 1975ean txalaparta oinarri zuen diskoa argitaratu zuten Artze anaiek Milango Ricordi etxearekin.

Garai haietan egin zituen Artzek bere ekarpenik esanguratsuenak. Ez Dok Amairu desagertuta “Ikimilikiliklik” ikuskizunean murgildu zen lagun eta kide izan zituen batzuekin batera. Musika, dantza eta poesia uztartzen zituen lana 1976ko Veneziako Bienalean eskaini zuten. Tartean ziren Jexux Artze, Jose Mari Zabala eta Mikel Laboa. Taldekide izan zuen kantariari lotuko zitzaion zilbor-hestea sortua zen dagoeneko.

Mito eroale

Laboaren kantutegiko abesti esanguratsuenen idazlea izan zen poeta usurbildarra. Bere sinadura dakarte, besteak beste, “Ama hil zaigu”, “Zaude lasai”, “Gure bazterrak” edo ereserki izaera laztantzen duen “Txoriak txori”. “Isturitzetik Tolosan barru” liburuan plazaratu zuen lehen aldiz JoxAnton Artzek eta 2007an berrargitaratu. «Tarteka –esan zuen ordu hartan–, nire beste poema batzuk hartu eta, koma bat kenduz edo hitz bat aldatuz, zertxobait biribiltzen ditut. Poema honekin ere urte hauetan guztietan ahalegindu naiz, ea zerbait eransten uzten ote zidan, baina beharbada kanta bihurtuta dagoelako eta dagoeneko izaera apartekoa duelako, ez dit ukitzen utzi». Behinola, testuak eman zion zabalpenerako aukera eta lerro hauen ondoan datoz Artzek berak jatorrizko poemari erantsi zizkion ahapaldi berriak, 2007ko berrargitalpen egunean irakurri zituenak.

Hain zuzen “Isturitzetik Tolosan barru” izan zen autoedizioan argitaratu zuen lehenengo poesia lana. Eta ez bakarra. Gerora ekarri zituen “Laino guztien azpitik” (1973, autoedizioa), “Eta sasi guztien gainetik” (1973, autoedizioa), “Bide bazterrean hi eta ni kantari” (1979, autoedizioa), “Ortzia lorez, lurra izarrez” (1987, Elkar), “Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat” (1988, Zubi Zubiri argitaletxea) eta “Oihana auhenka” (2001, Jazzle).

Bere poetikan abangoardia eta antzinakoa uztartu zituen bidearen trazua egin zuen Artzek kasu batzuetan, gehientsuenetan bide esperimentalari jarraituta. “Bide bazterrean hi eta ni kantari” liburuan, adibidez, zenbaki bidez iradokitako bideari jarrai osatu zituen bere poemak. Espiritualtasuna, erlijioa eta natura bere poemagintzako osagaien artean dira.

JoxAnton Artzeren kezka literarioen artean egon zen poesia jendearenganaino iristeko nahia, liburuetako orrialdeetatik aske legokeena. Eta bide horretan jardun zuen hainbatetan sortzaile usurbildarrak. Poesia beste eremu batzuetara eraman zuen, agertokietara igoarazi, eta diziplina desberdinekin elkarbizitzan jarri. Arestian aipatutako “Baga, biga, higa” edo “Ikimilikiliklik” ikuskizunak izan daitezke adibideetako bi. Baina badira aipagarriak diren gehiago ere. 1978an “Hitzez eta hotsez” estreinatu zuen, bere lehen ikuskizun poetikoa izan daitekeena. Eta gerora etorri ziren “Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona” (1983) eta “Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat” (1994).

Musika eta poesia bateratu zituen hainbat proiektutan lanean aritu zen JoxAnton Artze: “Goñiko zalduna”, adibidez, 1994an, Jean Schwarz, Beñat Achiary eta Jexux Artzerekin batera. “Harria” ikuskizunean Mixel Etxekopar, Beñat Achiary eta Iñaki eta Inazio Perurena harri-jasotzaileak izan zituen bidelagun eta gerora, dagoeneko 1999an, “Oihana auhenka” egitasmoa aurkeztu zuen berriro Beñat Achiary, Mixel Etxekopar eta Jexux Artze alboan zituela eta kasuan, Jose Bikondoa eta Alfonso Gorosterazu aizkolariekin.

Bereez eta berak sustatutakoez gain, euskal kulturan izan da bere poetikara hurbildu eta unibertso horren gainean sorkuntzak egin dituenik ere. 2014an, Bide Ertzean taldeak, Metrokoadroka Kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola kideekin batera, “Nobela belztu behar zuria” ikuskizuna estreinatu zuen Usurbilgo Sutegi aretoan, “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza” poemak oinarri hartuta.

Urtebete beranduago, 2015eko azaroan, Donostiako San Telmo Museoak “Ikimilikiliklik, JA Artzeren unibertsoa” izenburudun erakusketa inauguratu zuen, Artzek berak 40 urtean sortutako unibertso poetikoari eskainitako bidaia.

POETIKA


Esperimentaziozko poetika landu zuen Artzek, abangoardia eta antzinakoa batuz, natura, espiritualtasuna eta erlijioa kezka nagusien artean kokatuta.