Maite UBIRIA
Donazaharre

ENERGIA EREDU BERRIA ARGITZEN ARI DA, IZPIZ IZPI, IPAR EUSKAL HERRIKO TEILATUETAN

Energia garbien ekoizpena bultzatuz herritarren ahalduntzea bilatzen duen sozietateak hegalak zabaldu nahi ditu hasi berri den urtean, helburu horrekin, besteak beste, Euskal Elkargoarekin lankidetza sustatuz.

Donazaharren egoitza duen I-Ener sozietatea 2014an sortu zen xede nagusi batekin. Geroztik herritarrek energiaren ekoizpenaren gainean kontrola berreskura dezaten jardun du. Energia berriztagarrien ekoizpenean inplikatuz herritarrak trantsizio energetikoaren eragile aktibo bilakatu nahi ditu sozietateak. Ibilbide laburra izanik ere, tokiko erakunde eta herritar akziodunen ekarpenei esker I-Enerrek bideratu dituen egitasmoek dagoeneko aztarna txiki bat utzi dute hiru lurraldetako kartografian. Eguzki energiaren garapena ardatz harturik, lehenengo proiektuek 2016an ikusi zuten argia. Uztaritzeko bi eraikin publikoko eta Irulegiko egoitzako teilatuetan ezarri zituen sozietateak plaka fotovoltaikoak. Behin eskarmentu hartuta, gaur arte gauzaturiko egitasmorik handiena burutu zuen sozietateak iaz, Hendaian.

Aurreikuspenen arabera, Intzura auzoan Herriko Etxeak duen hornidura egoitzako teilatuan 670 metro koadroko azaleran ipinitako panelek orduko 110.000 kilowatt ekoitzi beharko lukete urtero-urtero, horri esker 30 bat familiaren argindar kontsumoa bermatuz. Hala ere, Bixente Uhalde I-Ener sozietateko langileak GARAri azaldu dionez, «orduko helburu hori betetzeaz gain, gainditu ere egin dugu, alde batetik iazko urtea bereziki eguzkitsua suertatu zelako eta bestetik instalazioaren eraginkortasun maila espero baino handiagoa izan delako».

Orain arte zabaldutako zentral guztietan antzeko bilakaera izan dela azaldu du Uhaldek, eta bere ustez, errentagarritasun maila handiak «indar berezia eman dio sozietateari egitasmo berriak martxan jartzeko».

Hendaiako zentralak 150.000 euroko inbertsioa eskatu zuen. Horietarik 100.000 Udalaren bermearekin hitzemandako maileguen bidez estali zituen elkarteak eta gainerako 50.000 herritarren ekarpenekin.

Erritmo biziagoa eman ekimenari

Makean, Bidarrain eta Arrosan iazko udazkenean abian jarritako egitasmoak gauzatu ahal izateko bide bera erabili dute. Hartara, Makean ezkerparetako (frontoia) eta ondoko gelako teilatuetan eguzki plakak ezartzeko egitasmoa finantzatzeko 50.000 euroko «herritar kapitala» zehaztu du sozietateak.

Bidarrain eta Arrosako zentro teknikoetan ezarri dituzten estazioek inbertsio apalagoa behar dutenez –20.000 euro hurrenez hurren– herritarren ekarpena ere apalagoa izan da, 6.000 eurokoa, hain zuzen ere.

Lan molde horrekin, izpiz izpi, zentral berriak sortzea da aitzina begira I-Enerrek finkatu duen erronka. Tokiko erakundeen engaiamendua bilatuz, baina herritarren parte-hartzea energia eredu berria sustatzeko «gako nagusia» dela ahantzi gabe.

«I-Ener sozietateak gaitasuna badu urtero-urtero hamar bat egitasmo berri plantan emateko, baina herritarren parte-hartzea da, finean, gure muga nagusia, eta horregatik sentsibilizazio lanari garrantzi handia ematen diogu», nabarmendu du Uhaldek.

Trantsizio energetikoaren aldeko urratsak azkartzeko bidean Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bere baitan hartzen duen egiturari begira jarri da I-Ener. Uhaldek azaldu duenez, «Euskal Elkargoaren bidez herri gehiago hunkitzea errazago litzateke, eta horregatik harremanetan gaude, kolaborazio lana abiatzeko».

Gaur-gaurkoz «deus ez bada gauzatua ere», haren ustez, «oso litekeena da 2018. urtean zehar zenbait proiektu sortzea». Makearrak ez du ezkutatzen «Euskal Elkargoarekin auzolanean arituz gero, I-Enerren dinamikak berme handia eskuratuko lukeela». Itxaropentsu, ziurtapen bat utzi du mahai gainean, agurrean, Uhaldek: «Politikariek behar dute bidean sakondu, legeen hutsuneak zuzenduz; finean, herritarrek ez dute zalantzarik, aukera izanez gero, eredu berri baten sortzaile izan nahi dute».