2018/01/14

Kronika
JOXANTON ARTZEREN HILETA
KULTURA LIKIDO BATEN IZATE SOLIDOA

EUSKAL KULTURAK USURBILGO PARROKIAN AGURTU ZUEN ATZO AZKEN ALDIZ JOXANTON ARTZE. BERE IBILBIDEAN EGINDAKO LAN ESKERGAN ETA UTZITAKO ONDAREAN JARRI ZUTEN AZPIMARRA BERTARATU ZIRENEK, MIRESMENEZ ESTALITAKO KEINUETAN.

Ariane KAMIO
0114_kul_lertxundi

Benito Lertxundi: «Ez Dok Amairu aurreko mende erdi osoa izan zen. Garai berri baten hasiera»

Euskal kulturaren alorrean diharduen hainbat belaunalditako jendea batu zen atzo Usurbilen, Artzek utzitako ondarearen irismenaren lekuko

Esan izan du inoiz Bernardo Atxagak hileta batean beti sortzen dela zerbait berria. Eta egin izan du idazle asteasuarrak erreferentzia hori Rikardo Arregi pentsalariaren hiletari buruz aritu izan denean. Hileta hartan, bere bizitzan lehenengoz entzun zuen txalaparta jotzen. Ia 50 urte igaro dira une hartatik, baina oso gogoan du nola instrumentu hura hileta doinuen artean erabili zen. JoxAnton eta Jexux Artze anaiek egin zuten.

Berrogeita bederatzi urte beranduago, atzo, Usurbilen, JoxAnton Artzeren hiletak nabarmen erakutsi zuen haria ez dela eten eta 60ko hamarkada hartan gertatutako haustura, euskal kulturaren pizkundeak badituela jarraibideak, loraldi berriak.

Herriko parrokiaren kontra jarri zuten atzo Artze, bere erarik literarioenean, Mikel Laboari idatziak emandako letren kantuak megafonian entzuten ziren bitartean. Ikusgarria zen atzo Usurbil. Atmosfera berezi bat. Ez zen, hiletaz gain, ekitaldi bereizi baterako antolatutako zerbait izan. Maitekiro egindako keinu bat baizik. Atzo, Artze eta Laboa han zeuden. Nonbait.

Garai berri bat

Bezperan Errekaldeko beilatokira nola, Usurbilgo parrokiara jende andana hurbildu zen azken agurreko ekitaldi erlijiosora. Eliza jendez mukuru zegoen eta euskal kulturaren alorreko hainbat lagun gerturatu ziren herrira. Arratsalde hotz berean bat egin zuten belaunaldi desberdinetan beren jarduera burutu duten musikari eta idazleak. Beteranoenen artean, Jose Angel Irigaray eta Benito Lertxundi –biak bere garaian Ez Dok Amairuko kide izanak–, Anjel Lertxundi idazlea eta Jose Antonio Sistiaga margolaria. Urte askoan atzera egin behar izan zuten batzuek Artzerekin izan zuten lotura gogora ekartzeko. «64an ezagutu nuela uste dut. Ez dut oso ondo gogoratzen. Mikel Laboaren bitartez izango zen. Noizbehinka geratzen ginen eta hizketan jarduten genuen. Oso gazteak ginen», esan zuen Sistiagak eliz atarian.

Harreman estua izan zuten Benito Lertxundik eta Artzek berak 60ko hamarkadan Ez Dok Amairuren bueltan. «Azken urteetan ez genuen harreman handirik, baina garai hartan bai, konpartitzen genituen gure kezkak eta egitasmoak. Baina hau bizitzaren legea da. Ez dugu zertan naturarekin haserre egon», adierazi zuen. Lotune izan zuten Ez Dok Amairuri buruz ere jardun zuen musikari oriotarrak. «Ez Dok Amairu aurreko mende erdi osoa izan zen. Hau ez dugu guk asmatu, herriak pentsatu du. Garai berri baten hasiera izan zen. Gauza asko ez lirateke gertatuko, ez modu berean behintzat, hura gertatu izan ez balitz».

JoxAnton Artzeren ekarpen literario eta musikala hainbat lagunen ahotan ibili zen atzo Usurbilen. Berea da euskal kantutegian ereserki izaera duen abestiaren letra. Mikel Laboaren “Txoria txori”. Eta hain zuzen txori berberak egin zien harrera atzo Usurbilera bertaratu ziren askori. «Musikarekin jolasean aritzen zen bere poemetan. Hor dago bere poesia betirako. Pertsona originala izan da, poesia barru-barrutik ateratzen zitzaiona eta guk bere poesia kantatzen jarraituko dugu. Euskal kulturak izan duen sortzaile handiena izan da, edo handienetakoa. Gure bihotzean dago», azpimarratu zuen Gontzal Mendibilek.

Jabier Muguruzak ere honela gogoratu zuen: «Ezagutu nuen soinua jotzen ari nintzela, Imanolekin eta Leterekin. Hasieratik atentzioa eman zidan ez zidala begiratzen goitik behera. Garai haietan ez nintzen euskal kulturan inor eta beti gogoan izan dut hori. Bazegoen errespetu hori beste jende baten aldetik sumatu ez nuena. Gero iruditzen zait erreferente inportantea izan dela euskal kulturarako. Garai likido, arin hauetan, uste dut Artze izan dela erreferente solido bat. Gurea bezalako kultura txiki batentzat oso inportantea da halako erreferente solidoak izatea». Nahiz beste belaunaldi batekoa izan, aspalditik ezagutzen zuela nabarmendu zuen.

Zerrenda luzea osatuko lukete atzo Usurbilera bertaratu ziren sortzaileek. Batzuk aipatzearren, Beñat Axiari, Maddi Oihenart, Juantxo Zeberio, Xabi San Sebastian eta Mixel Etxekopar musikariak, Jon Sarasua bertsolaria, Yolanda Arrieta idazlea eta Imanol Agirretxe futbolaria.

Bernardo Atxagak gogoratzen zuenez, 1969ko uztailean Andoainen egin zen hileta hartan azpian, ezkutuan, zegoen mugimendu bat loratzen hasi zen, gerora euskal kulturan berebiziko garrantzia izan zuena. Ez Dok Amairu dei dakioke, edo euskal kantagintza berria. Guztietan errepikatzen zen abizen berbera, ordea. Artzetar bihurtu ginenean, behinola. Lurrak gozo har dezala.