2018/01/14

Erreportajea
 
SANTESPIRITU ZUBIA: BAIONAKO BIHOTZA OSASUNTSU IZATEKO AUTO GUTXIAGO?

Zubiak estrategikoak izan ohi dira, eta hori, oso agerikoa da Baionan. Lanak egiteko itxi zuten Santespirituko zubiaren inguruan eztabaida piztu da eta ekainean berriz ere motordun ibilgailuentzat zubia ireki behar ote den galdetuta, aldeko eta kontrako iritziak daude.

Haritz LARRAÑAGA
0113_eh_baionako

Santespirituko zubiaren berrikuntza lanekin batera, berauek amaitu ostean egin behar denaren inguruan eztabaida sortu da eta ikuspegi arras desberdinak daude. Auzokide, merkatari eta talde ekologistek eta Herriko Etxeak lehentasun desberdinak dituzte, eta ondorioz, eragile bakoitzaren azterketak berezko abiapuntua du.

Auzokide eta merkatarien ikuspegiaren oinarrian, esaterako, beren egunerokoa dago. Bizi talde ekologistak ostera, motordun ibilgailuek isurtzen duten gas kutsagarria murriztea du helburu, eta Udalak, ikuspegi zabalago batekin, guztien nahiak asetzeko proiektu bat osatu behar du. Horregatik, Herriko Etxeak sektore desberdin eta anitzetako eragileak batzen dituen Tram’bus egitasmoa aurkeztu du.

Alta, oraindik ez dago egitasmo honen inguruko informazio zehatzik, horregatik, autoen erabilera murrizteko Bizi mugimenduak sortu duen taldeak izango duen lehen eginbeharra Tram’bus proiektuaren inguruko xehetasunak biltzea izango da.

Garraio ohiturak aldatzen?

Motordun ibilgailuen kopurua jaistea helburu duen Biziko talde berezia 2009. urtean sortu zen, errepide berria egiten ari zirenean soilik autobusentzako izango zen errail bat aldarrikatzeko. Helburu hura lortu zuten, eta sasoian kontrako iritzi asko izan baziren ere, Biziko kideen iritziz «egun inork gutxik jartzen du zalantzan garraio publikoa sustatzeko errail bereizi bat izatearen onura».

Santespirituko zubiaren lanekin, ordea, motordun ibilgailuak murriztea helburu duen taldeak berriz ere indar hartu du, eta honako galdera luzatzen dute: «Eta lan horiek baliatuko bagenitu gure hiriaren erdialdearen balioaren emendatzeko?». Izan ere, haien ustez, lanak amaitu ostean motordun ibilgailuentzat zubiak itxita jarraituz gero, «biztanleen bizi kalitate mailan hobekuntzak izanen dira, harrabots gutxiago, kutsadura gutxiago, oinezko eta txirrindularientzako segurtasun gehiago, eta abar».

«Oraindik ez gara hautetsiekin bildu, baina hil honetan bertan haiekin egon eta ahalik eta informazio zehatzena eskuratzen saiatuko gara», azaldu zion GARAri Bart Camedescasse Biziko kideak. Aldi berean, jendea kontzientziatzeko lanean arituko direla ere argitu zuen ekintzaile ekologistak, «jendeak uler dezan gure eskualdean CO2 gas isurketa gehiena motordun ibilgailuek sortzen dutela eta gas kutsagarria murrizteko autoaren erabilera murriztu behar dela».

Bordelen izandako esperientzia jartzen dute Bizikoek adibide moduan, Baionakoarekin antzekotasun handiak baititu. Hiriaren erdialdea eta ibaiaz bestaldeko auzoa batzen dituen zubiaren berritze lanak amaitu ostean, egunero 15.000 ibilgailuk zeharkatzen zuten zubia itxita mantentzea erabaki zuten. «Proba egin zuten, zubia soilik bizikleta, oinezko eta autobusentzat irekiaz, eta ondo atera da, jendearen ohiturak aldatu eta CO2 isurketa murrizten dela frogatu baita», nabarmendu zuen Biziko kideak.

Iritzi kontrajarriak

Auzokideen artean ordea, iritzi kontrajarriak ageri dira, asko ez datoz bat zubia itxi ostean jendeak garraio publikoa erabiltzeko ohitura handitu eta autoaren erabilera murrizten den ideiarekin. «Orokorrean jendeak bat egiten du autoen erabilera murrizteko beharrarekin, baina autoa erabili egiten da, eta beraz, ordezko alternatiba baten beharra sumatzen da», egin zuen gogoeta Santespirituko auzokidea den Ainizek.

«Zubia itxi denetik jende asko pozik dago, auzoan zirkulazioa murriztu delako, baina aldiz, inguruko errepideetan sekulako auto ilarak izaten dira, eta horrek noski, auzoko biztanleengan eragina du», esplikatu zuen auzokide baionarrak. Bestalde, zubia zeharkatzeko herriko etxeak ezarritako ontziak erdialdearekin lotura indartzeko balio izan duela iritzi zion Ainizek, baina proiektu indartsuago baten beharra aitortzen zuen. «Mundu guztia Tram’busaren zain dago», gaineratzen zuen baionarrak.

Lanak bukatu ostean zubiak autoentzat itxita jarraitu behar ote duen galdetuta, Association Sainte Catherine et Cie elkarteko kideen iritzia bitan banatuta dagoela kontatzen zuen elkarteko idazkaria den Christellek: «Guztiak ados dira bizimodu osasuntsu eta ingurumenarekin errespetuzkoa izango den ikuspegitik oinezkoen aldeko apustua dela egokiena, baina auzoko bizian izango duen eraginarekin desadostasunak sortzen dira, batzuek pentsatzen dute merkataritza ahuldu daitekeela, eta merkataritza kalea bizirik mantentzeko modu bat ere bada».

 

Auzoko Dendarien ustez zubia itxi zenetik salmentek behera egin dute

Santespiritu auzoan dagoen Sainte Catherine kaleko merkatari zein bizilagunek auzoari arnasa eman eta bertako garapena sustatzeko sortu zuten Association Sainte Catherine et Cie elkarteak ekimen ugari antolatzen ditu; beraz, auzoko erreferentzia bat da.

Elkarteko idazkaria den Christellen aburuz, «zubiko lanak hasiz geroztik jende gutxiago dabil dendetan eta salmentek apur bat behera egin dute, erosketak egiteko autoa hartzeko ohitura baitu jendeak». Hala ere, etorkizunera begira baikorrak dira, «zubia berritzeak auzoari beste kolore bat emango baitio, eta orain artean auzoak izan duen fama txarra hobetzen ere lagun dezake».H.L

20 AÑOS DEL CIERRE DE 'EGIN'
Ion T. BARRENA
Loading player...


El 15 de julio de 1998 el juez Baltasar Garzón ordenó el cierre de 'Egin', una operación que asumió como propia el entonces presidente del Gobierno español, José María Aznar, «¿alguien pensaba que no nos íbamos a atrever?», dijo desde Turquía.

 20 urte 'Egin'-en itxieratik 
 ARGAZKI GALERIA