Martxelo DIAZ
TXILLARDEGIREN OMENEZKO HORMA

ERAKUNDEEK UKATZEN DUTENA HERRITARREK ESKAINI ZUTEN

HERRITAR UGARI BILDU ZEN ATZO DONOSTIAKO ANTIGUA AUZOAN, TXILLARDEGIREN OMENEZ MARGOTU DEN HORMA-IRUDIAREN INAUGURAZIO EKITALDIAN. BIDE BATEZ, ERAKUNDEEI BERRIZ ESKATU ZIETEN MEREZI DUEN ERREKONOZIMENDUA EMATEKO. IZAN ERE, HERRI EKIMENAK BULTZATUTA EGIN DA OROITZAPENEZKO MARGOLAN HAU.

Herri ekimenak bultzatuta margotu dute Txillardegiren omenezko horma-irudia. «Euskara da euskaldunon aberria» leloa ere agertzen du lanak. Hura hil zenetik sei urte igaro direnean inauguratu dute. Eta euskararen alde egin zuen lana eskertzeko ehunka lagun elkartu ziren atzo Antigua auzoan haren familiarekin batera, euriari aurre eginez.

Gaskoinia plaza da ofizialki horma-irudia margotu duten lekuaren izena. Matia kalearen alboan dago, Heriz pasealekua abiatzen den tokitik gertu. Hori da izen ofiziala, baina usadiozko izena Txillardegi du. Hor bizi zen Jose Luis Alvarez Enparantza eta hortik hartu zuen izena ere. Orain plaza hori Txillardegi izendatzea aldarrikatzen dute, «erakundeek ukatzen duten eta merezi duen» errekonozimendu gisa. Horrekin batera, Donostiako Udal Liburutegiari ere Txillardegi izena jartzea nahi dute. Atzoko ekitaldia antolatu zuen taldeak, hain zuzen, Txillardegi Udal Liburutegia du izena, aldarrikapena izenera eramanda. Antolatzaileek nabarmendu zutenez, aurten euskara batuaren sorreraren 50. urteurrena betetzen da eta errekonozimendu hori egiteko une ezin aproposagoa litzateke.

Paul Torres saxofonistak eta dantzariek abiatu zuten omenaldia. Beñat Gaztelumendi bertsolaria ere bertan jardun zen.

«Batuaren arima»

Ondoren, Ibon Sarasola euskaltzainak Txillardegik euskara batuaren sorreran izan zuen papera gogora ekarri zuen: «Euskara idatziaren batasuna euskaldungoaren historian mugarri nagusia da». Hizkuntza nazionalerako ezinbestekotzat jo zuen euskara batua. 1964an Euskal Idazkaritzak antolaturiko Baionako Biltzarrean horren oinarriak jarri ziren «eta Txillardegi horren arima izan zen».

«Berak egituratu zuen gero ‘Jakin’-en publikatu zen euskara batuaren oinarri nagusia», gogoratu zuen. 1965ean Txillardegik ‘Jakin’-en argitaratutako aldarrikapen hori euskara batuaren lehen testutzat jo zuen Sarasolak. Bertan, 1968an Arantzazun Euskaltzaindiak onarturiko euskara batuaren ezaugarri ia guztiak agertzen dira. «Txillardegik markatu zuen modelotik aldaketak oso txikiak dira. Eta hori azpimarratu behar da», gaineratu zuen Sarasolak.

«Txillardegiri zor diogu egungo euskara estandarraren miraria. Txillardegiren eraginik gabe ez zen Baionako Biltzarra sortuko. Eta biltzar horrek ez zuen euskara batuaren inongo proposamenik egingo. Eta oinarri hori gabe Euskaltzaindiak ez zuen, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean, euskara batua taxutuko», azpimarratu zuen Sarasolak.

Hizkuntza nazionala amets

Joxe Manuel Odriozola soziolinguistak Txillardegiren helburua euskara hizkuntza nazionala izatea zela oroitu zuen. Eta, zoritxarrez, egungo egoera ez dela hori nabarmendu zuen.

«Txillardegik euskara larreko hizkuntza izatetik gizarte eta kultura modernoaren hizkuntza izatera pasatzea zuen amets. Txillardegik euskalduntasun nazionala eta eraginkorra zuen helburu, euskararen erabilera bermatzen duen euskalduntasuna, alegia. Ez gaur nagusitu zaigun euskalduntasun antzua», adierazi zuen Odriozolak.

Loreak ere jarri zituzten horma-irudiaren azpian. Lehena Donostiako EH Bilduko Amaia Almirall zinegotzia izan zen, lore sorta eder bat jarriz. Ondoren, Karmelo Landa, Karmele Aierbe, Martin Garitano, Josu Txueka eta beste zenbaitek jarri zituzten krabelinak. Baina, batez ere, herritar ugari izan ziren Txillardegiri erakundeek ukatzen dioten omenaldia eskaini ziotenak.