J.L.
PILOTA

Bilbao ere finalerdietako ligaxkan izango da

Bixintxo Bilbaok eskuratu du Berezkoen Buruz Buruko ligaxkako finalerdietan sartzeko azkeneko txartela. Ducassouk eta Ospitalek iazko finala jokatu zuten, eta zuzenean lortua zuten txartel hori. Larraldek ostiralean eskuratu zuen, eta azkenekoa, atzo Bilbaok.

Atzo Ximun Lanbertekin partida arriskutsua zeukan, baina lortu zuen helburua, 40 eta 32 irabazi baitzuen. Gogor lan egin behar izan zuen helburua bete ahal izateko, baina azkenean kalitatean aldea dago eta finalerdietako txartela lortu zuen.

Lanbertek txapelketa bikaina egin du ; joan den astean ezustean menperatu zuen Gixandut, eta atzo ere lotsagabe aritu zen Bilbaoren aurka. Azken honek hasieran presioa nabaritu zuen, Superprestigioan ere ez baitzen ongi aritu eta atzokoan finalerdietako ligaxkan sartzea ez lortzea kolpe handia izango baitzen. Alabaina, Lanbert menderatzea lortu zuen, eta lau onenekin izango da aurtengoan ere.

Bigarren Mailako lehen faseko azkeneko partida ere jokatu zen atzo Donibane Garazin, eta Laurent Lanbertek ez zuen izan aparteko arazorik Lukuri 40 eta 17 irabazteko. Faboritoa hasieratik jarri zen aurrean, eta bien artean alde handia egon zen.

Horren ondorioz, Laurent Lanbert ere finalerdietako ligaxkan izango da, baita Iturbe ere (honek ostiralean Arrangoitzen lortu zuen txartela), eta bi hauekin batera lehendik sailkatuta zeuden Intxauspe eta Palomes arituko dira.

Ligaxka berez datorren asteburuan hastekoa zen, baina Ducassouren lesioa dela medio, urtarrilaren 27an abiatuko da Senperen izango den jaialdiarekin.