Haritz LARRAÑAGA

Nafarroa Behereko lehen haurtzaindegi euskalduna

Nafarroa Behereko lehen haurtzaindegi euskaldunak 2019ko urte hasieran irekiko ditu ateak Lakarran eta «irekia izango da euskarazko harrera bat nahi duten familia guztieri». Ttinka haurtzaindegiak, euskarazko harrera labela izateko baldintzak beteko ditu.

Ez da edonolako eraikin batean izango Ipar Euskal Herriko barnealdean irekiko den lehen haurtzaindegi euskalduna. Orain artean «apezetxe» goitizenez ezagutu izan den etxeak historia luzea du, eta aurrerantzean ere, bizirik jarraituko du, Ttinka elkartearen egitasmoari esker bere etorkizuna bermatua izango baita.

Ttinka elkarteko kideek, erakunde publikoetako ordezkariekin batera, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Lakarran, proiektuaren nondik norakoen berri emateko. 2017ko urrian hasi ziren berritze lanak urte amaieran amaitzea espero dute eta goiko solairuetan sei etxebizitza egiteko asmoa ere barnebiltzen du proiektuak. Lanak amaitu arte Ttinka elkarteko lehendakari izango den Jean-Claude Ybargaray Lakarrako auzapezak oroitarazi zuen egitasmo hau martxan jarri zutenean ezarri zituzten helburuak zeintzuk diren: «Gurasoei hurbileko zerbitzu bat eskaintzea, hizkuntza zaintzea, herrian dinamika bat sortzea, enpleguak sortzea eta apezetxeari bigarren bizi bat ematea».

apezetxetik haurtzaindegira

Garazi-Baigorri eskualdeko haurrak bilduko dituen etxea 1770. urtean eraiki zuen Lakarra eta Gamarteko apeza zenak, eta ordutik, eraikina bi herrien jabetzakoa izan da. Horrela, bi herrietako apeza aterpetzeaz gain bestelako ekimenak egiteko ere erabiltzen zen lekua, hala nola gazteak biltzeko, antzerki edo dantza saioak antolatzeko, eta abar. Duela hamabost urte, ordea, azken apeza joan eta etxea hutsik geratu zen.

2012. urtean bi udalak eraikinari irtenbide bat bilatzeko gogoeta egiten hasi ziren. Hasiera batean bost apartamentu egin eta alokatzeko ideia zeukaten, «baina gero ikusi zen herri hauetan ainitz haur bazela eta gurasoek bazituztela zailtasunak haiek zaintzeko, beraz haurtzaindegi bat eraikitzea proposatu zen», azaldu zuen Michel Bicain Gamarteko auzapezak.

Aldi berean, Garazi-Baigorriko Herri Elkargoak Uharte Garaziko haurtzaindegia handitzeko proiektu bat zuen esku artean, beraz gaia mahai gainean zen. Ondorioz, inkesta bat egin zen bi herrietan eta inguruko enpresetan, eta galdeketen emaitzek haurtzaindegi baten beharra baieztatzen zuten. «Orduan proposatu genien Herri Elkargoari eta CAF erakundeari [Familien Laguntza Kutxa] haurtzaindegi bat irekitzea Lakarran, zeinetan euskarak bere lekua izango lukeen», jakinarazi zuen Gamarteko auzapezak.

Sasoi berean, Baigorrin haurtzaindegi euskaldun bat egiteko lanean zebilen Mendiko Ohakoa elkartea, baina haien proiektua aurrera eraman ahal izateko lokal bat falta zitzaien. Eskualde berean bi haurtzaindegi sortzea zaila zenez, guztiak elkartzea erabaki zuten eta horrela sortu zen Ttinka elkartea 2016. urtean. Haur, guraso, herritar, Mendiko Ohakoa elkarteko kide eta bi herrietako kontseilariz osatua da Ttinka.

haurrak hartzeko dena prest

Hamar aste eta sei urte bitarteko haurrentzako hamar plaza izango ditu «mikrohaurtzaindegiak», mota honetako haurtzaindegiek ezin baitituzte aldi berean hamaika haur baino gehiago izan. Astelehenetik ostiralera, goizeko zazpietatik arratsaldeko zazpietara irekita egongo den haurtzaindegiaren kudeaketa Ttinka elkarteak burutuko du eta eskariari aurre egiteko hiru lanpostu eta erdi sortuko dira. Horrela, gurasoen beharren arabera egokitu ahal izango dute eskaintza, haiek nahi duten ordu edo egun kopurua hautatzeko aukera izango dutelarik.

Leire Bidart Ttinkako kideak jakinarazi zuenez, «luzea izan da prozesua, zeren lehen Herri Elkargoak zuen eskumena eta orain Hirigune Elkargoak du, eta horien onespena behar da. Familien Laguntza Kutxak ere bere oniritzia eman behar du, horiek ere diruz laguntzen dutelako, eta horrez gain, kasu honetan proiektuak badu beste zati bat, etxe horretan egingo diren sei apartamentuak».

Gurasoek beren diru sarreren araberako prezioa ordaindu beharko dute. Adibidez, «haur bat duen familiak, 0’30 eta 2’44 euro artean ordaindu beharko du orduko, bere irabazien arabera; gainerako guztia erakunde publikoek ordainduko dute», azpimarratu zuen Bidartek, eta bide batez, gaurdanik jada izena eman daitekeela gaineratu zuen.

Euskarazko harrera labela

Lapurdin badira euskara hutsean egiten duten haurtzaindegiak, baina Zuberoan eta Nafarroa Beherean ez da halakorik izan orain artean. Garazi-Baigorriko eskualdea, esaterako, euskalduna da, euskarak presentzia handia du, baina bertako haurtzaindegi guztiak elebidunak dira. Lakarran irekiko duten haurtzaindegia izango da lehen haurtzaindegi euskalduna, eta gainera, Lehen Haurtzaroaren Euskarazko Harrerak eskainitako label zigilua izango du, hau da, «hautatu ereduaren kargu kaiereko arau guztiak errespetatzen ditu».

Hiru eredu hauta ditzakete gurasoek beren haurrentzat, alegia, A, B edo C eredua. A eta C ereduak elebidunak dira, baina A ereduan gurasoek hautatzen dute irakasleak euskaraz edo frantsesez hitz egin behar dion haurrari, eta aldiz, C ereduan, erdia frantsesez eta beste erdia euskaraz egiten dute.

B ereduko haurrek ingurune euskalduna dute eta langileak euskara hutsean aritzen dira, baina eredu honen baitan badira Ttinka haurtzaindegia bezala, eskaintza guztia euskaraz egiteko gai direnak, eta baita oraindik Euskarazko Harrera labela eskuratu ez badute ere, eskuratzeko bidean direnak.