GARA
donostia

Euskal kulturaren urteko balantzea «Jakin»-en, idatziz eta irudiz

Euskal kulturak 2017an eman duenari begiratu dio “Jakin”-ek bere 223. alean. Balantzerako eta erronkak zehazteko, iazkoak emandakoaren irakurketa eskatu die aldizkariak hamar egileri. Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia. Hain zuzen, bere jardunari heldu dio euskal arte eszenikoen egoeraz hausnar egiteko. Molde berriak eraiki arren, prekaritateaz ere mintzo da, eta Artistaren Estatutua eta erakunde publikoen babesa ezinbestekotzat jotzen ditu, baita ikuslearen konpromisoa ere. Horiez gain, ETB1 telebista katean euskarazko fikzioa egiteko beharraz ere egiten du gogoeta. «ETBk fikzioa egiten zuen garaian ikusleek katea aukeratzen zuten. Eta berriz ere hala beharko luke», aldarrikatu du.

“Jakin”-en ale berrian badira sinadura gehiago; Miren Rubio eta Itziar Ugarte kazetariak librean aritu dira, eta Kattalin Miner bertsolaritzaz, Iratxe Retolaza literaturaz, Galder Perez antzerkigintzaz, Maialen Goñi zinemaz, Jon Eskisabel musikaz eta Xabier Landabidea mundu digitalaz. Gainera, urtea irudietara ere ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi, Exprai, Diego Palles eta Patxi Gallego marrazkilariek. Baita Unai Iturriagak ere. Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen argazkia egin du.