GARA.
PARIS

Parisek informazio gehiago galdetu du Sorzabalen auzian erabaki aitzin

Parisko Dei Auzitegiak ez zuen Iratxe Sorzabalen kasuan deliberorik hartu atzo. Euskal presoaren aurka Auzitegi Nazional espainolak aurkezturiko hiru euroaginduei buruz erabaki aitzin Parisek irundarrak aurkezturiko tortura salaketen gainean informazioa eskatu dio Madrili, baita epea eman ere –martxoaren 28a– argibide horiek aurkezteko.

Parisko Dei Auzitegiak atzo jakinarazi behar zuen bere erabakia Iratxe Sorzabalen aurka Madrilgo Auzitegi Nazionalak aurkezturiko hiru euroaginduei buruzko auzian. Alta, atzoko saioan epaitegiak ez zuen deliberorik plazaratu, eta horren ordez informazio gehigarria eskatu zion Auzitegi Nazional espainolari, eta zehazki, Sorzabal Espainiaratzeko eskaerak izenpetu dituzten bi epaileei.

Hain zuzen ere, Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno eta Eloy Velasco epaileei argibide batzuk eskatu dizkie auzitegiak.

Frantziar jujeek galdera berriak egin dituzte 2001ean Guardia Zibilak Hernanin atxilotu eta gero Sorzabalek eginiko tortura salaketaren gainean, baita horren ostean abiatu zen prozedurak izan zuen bilakaerari buruz ere.

Bestalde, espainiar epaileek aurkezturiko euroagindu eskaeretan euskal presoari egotzi dizkioten delituak baizik ez dituzte zehaztu. Gauzak horrela, Iratxe Sorzabal atxilotu ostean inkomunikazioa aplikatu ziotenean «zein delitu egozten zizkioten» jakin nahi dute jujeek, baita ere ea irundarrak torturak salatu zituen eta zein prozedurari jarraitu zion horretarako. Sorzabal atxilotzeko eta ondoren kartzelatzeko agiriak ere eskuratu nahi ditu frantses justiziak.

Auzian zehar Sorzabalen defentsak mahai gainean ezarri zuen atxiloketa garaian irundarrak pairatu zuen tratua eta horren ostean salatu zituen torturen gaineko prozedurarekin zer gertatu zen. Horren harira, frantziar jujeek erabakia hartu aitzin euroaginduak izenpetu zituzten epaileen eskutik nahi lukete informazioa jaso.

Froga zehatzak

Deliberoa hartu ahal izateko, espainiar epaileei eskaera zehatza luzatu diete frantziar jujeek. Hain zuzen, Sorzabalek komisarian eginiko deklarazioaz gain beste zenbat froga dituzten presoari leporatzen dizkioten delituak frogatze aldera galdetu diete, hala izatekotan horien berri lehenbailehen emateko eskatuz.

Epe zehatza finkatu du Parisko Dei Auzitegiak argibide horiek jasotzeko. Martxoaren 28a baino lehen igorri beharko luke Auzitegi Nazionalak bere erantzuna, Parisen behin agiri guztiak jasota auziari jarraipena emateko.

Sorzabalen defentsak eginiko eskaerari bide emanez, Parisko Auzitegiak tortura salaketa aintzat hartu zuen eta Istanbuleko Protokoloa aplikatzea onartu zuen. Auzitegiak izendaturiko adituek eginiko txostenak «sinesgarritzat» jotzen du tortura salaketa, Sorzabalek dituen ondorio fisiko eta psikologikoak agerian utziz. Horregatik, atzoko saioari «zapore gazi-gozoa» hartu zion Xantiana Cachenaut abokatuak. Hiru euroaginduen oinarri bakarra atxiloketaldian Sorzabalek bere buruaren aurka eginiko adierazpena delakoan, «euroaginduak deuseztatzea» eskatu zuen beste behin ere.