O.L.
DONOSTIA

Parte Zaharrean hotel berri bat irekitzeko baimena eman du Donostiako Udalak

Kale Nagusiko 18. zenbakian kokatuko da, eta eraikin osoa hartuko du hotelak. Hain justu, gazte talde batek solairu bat okupatu zuen espekulazioa salatzeko. EH Bilduk helegitea jarriko duela iragarri du.

Hotelak lau izar izango ditu, sei solairu eta 29 logela. Zurrumurruak bete egin dira eta eraikina erosi zuen ostalaritza enpresariak bere proiektua egin ahal izango du, Donostiako Udalak iragan abenduaren 27an baimena eman ondoren, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren sinaduraz.

EH Bilduk atzo baieztatu zuen albistea; izan ere, Goiaren gobernuak argi berdea emateko hautatutako prozedura dela-eta, ez da horren berri eman. «Zinegotzi delegatuaren sinaduraren bidez eman da, tokiko gobernutik pasatu gabe. Honek esan nahi du operazioa gardentasunik gabe egin dela, formula honek Udal Idazkaritzaren oniritzirik ez duelako behar eta, gainera, herritarrek informazioa eskuratzeko zailtasun gehiago izango dituztelako», salatu zuen.

Udala pisu turistikoak arautu asmo dituen ordenantza amaitzen ari dela heldu da berria. Otsaileko Udalbatzan da onartzekoa eta, bertan, Parte Zaharra «eremu asea» dela jasotzen da. Lizentzia berririk ez ematea erabaki zen arren, baimena eman zaio; eginak zeuden eskaerak aztertuko zituela baieztatu zuen Udalak ordenantza berriaren oinarria aurkeztu zuenean eta, orain, begi-bistakoa da enpresariaren eskaera onartu duela.

Lizentziak «irregulartasunak» dituela iritzita, EH Bilduk helegitea jarriko du. «Eraikin oso baten erreforma integrala dela begi-bistakoa den arren, Udalak emandako lizentzia erreforma arrunta egiteko da», adierazi zuen Ricardo Burutaranek, eta erantsi zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren atzerapenak hotel gehiago ezartzea ahalbidetuko duela.