GARA
Elkarrizketa
JON MARTIN
Bertsolaria, Beira taldeko ahots eta letragilea

«Saiatu gara ahalik eta zentzumen gehien kitzikatuko dituen diskoa egiten»

Bere hirugarren lanarekin zentzumen musikatuak biziarazi ditu Beira taldeak. «Braillean» diskoak bizitzari eskaintzen dio kantua, bere zentzurik zabalenean. Lain, «Moro», Ane Guria, Xendarineko Ahizpak eta Iñigo Asensio izan dituzte bidelagun, eta Irati Odriozola taldekide egin dute.

gara-2018-01-18-Entrevista

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Izenburutik hasita. «Braillean». Ukitzeko musika da proposatzen duzuena?

Saiatu gara ahalik eta zentzumen gehien kitzikatuko dituen diskoa egiten. Horretarako, zentzumen bakoitza ahalik eta gehien kitzikatzeko letrak eta musikak sortu ditugu. ‘Braillean’ izeneko kantu bat daukagu eta horrek ematen dio izenburua. Uste dut izenburu iradokitzaile samarra dela, normalean musikan ez delako oso kontuan hartzen ukimena. Gure taldea beste musika talde askoren aldean desberdina da, abiapuntua letrak direlako, edo letrek garrantzi berezia daukatelako, nahiz gero sorkuntza prozesuan bertan ez den nabaritzen. Ez da musikaren kaltetan. Gehiago da lan egiteko modua edo proiektuaren sor puntua.

Lehentasuna letrek izaten dute, beraz. Lehenengo letrak egiten dira eta horren gainean musika?

Ez da hainbeste lehentasuna horri ematea, gehiago da ordena kontua. Kantu bat beti sortzen da nik letra bat idazten dudanean. Baina horrek ez du esan nahi letra hori izango denik gero diskoan argitaratuko duguna. Batzuetan gertatzen zaigu nik letra bat idaztea, Igorrek (Arruabarrena) melodia bat konposatzea eta melodia entzun eta gero letra berridaztea, ez delako letrarik egokiena musika horrentzat. Abiapuntua beti da letra, baina musikak letrak adinako garrantzia dauka. Denbora guztian berraztertzen dugu ea zer den egokiena kantu bakoitzarentzat. Kantu bakoitzak sorkuntza prozesuan pauso desberdinak ematen ditu.

Bertsogintzak badu zuengan garrantzi berezia.

Beira sortu genueneko helburu nagusietako bat zen bertsolaritzara ekartzea existitzen ez ziren metrika batzuk. Egia da denborarekin helburu hori lausotu egin dela, musikari garrantzia eman ahala, konturatu garelako doinu asko aldendu egiten zirela bat-bateko sinpletasunetik. Disko honetan, adibidez, sonetoaren egitura metrikoa hartzen dut eta doinu bat sortzen diogu. Gehienekin inprobisa daiteke bertsotan ere. Dena den, denborarekin, bertsoetatik abiatuta dagoela gero eta gutxiago nabaritzen da. Nik uste oreka kontua dela. Alegia, lehen agian oso ebidentea zen kanta entzunda bertsolari bat zela, eta orain esango nuke polibalentea dela. Baduela bertsolariaren ukitu hori, baina ez dela funtsezkoa, musika beste edozein talderen pare dagoelako.

Zeri kantatzen diozue letretan?

Saiatu gara gizartean normalean aipatzen ez diren gaiak hartzen. Nire berezko joera da maitasun kantak idaztea, baina disko honetan saiatu naiz maitasun kanta horiek ohiko maitasunetik edo, behintzat, heteropatriarkatuak markatzen digun maitasunean ez gelditzen. Eta gero badaude gai batzuk inoiz aipatu ez direnak. Adibidez, haurrik eduki ezin duen bikote bati buruko abesti bat dago. Badago 80ko hamarkadan jaio ginen pertsonen gaztaroa nolakoa izan zen erakusten duena; “Lore beltzak” izena du. Badaukagu kantu bat haurrentzat pentsatuta idatzi genuena, “Izurdeak”. Sehaska kanta moduko bat da. Badago euskal gatazkak eragin dituen oinazeei buruzko beste kanta bat, “ZEN”, single bezala atera dena, agian gustu guztiak asetzeko errazena dena. Eta baita beste bat ere, “Lumak”, maskulinitate berriari jarritako bertso batzuk. Gizon izateko modu bat ezarri zaigu txikitatik, aurretik zehaztu zaigu nolakoak izan beharko genukeen gizonok. Ni ez naiz inoiz guztiz eroso sentitu neurri horietan eta nahi nuen pixka bat beste gizontasun eredu bat egon daitekeela aldarrikatu.

Hirugarren diskoa da Beira taldearentzat, «Dena ez denean ezer» eta «Margotu berria» lanen ondotik. Zein estilo aurkituko du entzuleak?

Sekulako garapena dago. Gero eta zainduagoak daude detaileak, musikariak gero eta perfekzionistagoak dira. Diskoz disko esponentzialki hazten joan gara. Estilo oso desberdinetako kantuak dira, eta esango nuke nahiko ezohikoa dela musika taldeen artean. Talde gehienek identifikagarria den estilo bat hartzen dute eta hura jorratzen dute. Normalean beldurra izaten dute artista askok beraien segurtasun eremu horretatik ateratzeko. Kasu honetan kantatik kantara sekulako estilo aldaketak egiten ditugu. Ez soinuan, zeren soinuan batasun bat bilatu dugu eta uste dut lortu dugula. Askok aipatu digute soinuaren kalitatean dagoen mimoa.